Kartzelatzeagatik protesta

Ubane Madera 2018ko urr. 20a, 10:29
Apeztegiaren kartzelatzea salatzeko protesta, atzo, barikua.

Elkarretaratzea egin zuten atzo Plaza Berrian hainbat herritarrek, Karlos Apeztegia hernaniarra kartzelan sartu izana salatzeko. ETAko kide izateaz akusatuta eta epaileak uste duelako “ihes egiteko arriskua” duela kartzelatu dute Apeztegia. Bakea irabaztera Karlos kalera leloarekin egin zuten, berriz, Soraluzen protesta.

Karlos Apeztegiaren atxilotzea zein haren kartzelatzea kalean salatzeaz gainera, oraingo astean egindako osoko bilkuran ere mahai-gaineratu zuen gertakaria EH Bilduk.

Unai Larreategi bozeramaleak “kezka” helarazi zuen atxilotze horrengatik, azpimarratuta euskal presoen egoerak sortzen duen “sufrimenduak” hor jarraitzeaz aparte, “berri bat sortu” dela oraingo astean. Oraindik orain, “praktika zaharrak nagusi” direla salatu zuen Larreategik.

"Botereen banaketa"

Hari erantzunez, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak azpimarratu zuen eurak ados daudela espetxe politika aldatu beharraren eskaerarekin, baita ere, urruntze politikarekin amaitu beharraren eskaerarekin, baina gaineratu zuen “sekula” ez dutela “zalantzan jarriko sententzia judizialik, botereen banaketa zalantzan jartzen ez” dutelako.

Hain justu ere, orain dela 16 urte ETAri gutun bat bidaltzeagatik atxilotu eta espetxeratu dute Apeztegia. Hainbat funtzionariori buruzko informazioa helarazi zion hark ETAren zuzendaritzari, haien aurkako erasoak presta zitzaten, beti ere, Espainiako Barne Ministerioak zabakdutako informazioaren arabera.