Etxebizitza hutsei errekargua aplikatzen segituko diete

Ubane Madera 2018ko urr. 18a, 11:44
Etxeak hutsik udalerriaren erdigunean.

Udalerrian dauden etxebizitza hutsen jabeei %75eko errekargua aplikatzen segituko diete Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ) edo IBI-an. Hain justu ere, EAJ-PNV-k errekargu hori ezabatzeko proposamena egin zuen atzoko osoko bilkuran, baina, kontra bozkatu zuten gainontzeko alderdiek. Beraz, errekarguak indarrean segituko du.

Zergen igoerari zegokion puntua lantzen hasi aurretik mahai-gainean ipini zuen Iker Aldazabal alkateak etxebizitza hutsei IBIan ezartzen zaien errekargua kentzeko proposamena. EAJko ordezkariak gogora ekarri zuen, azken alditan moduan, oraingoan ere EAJ alderdiak errekargu hori kentzearen alde egingo duela. Eta hori argudiatzeko azpimarratu zuen oso “kasuistika desberdina” ematen dela Soraluzeko etxebizitza hutsen kasuan.

Adibideak eman zituen alkateak zentzu horretan. Horrela, adierazi zuen Soraluzeko etxebizitza huts gehienen jabeak “pertsona normalak” direla. Hau da, ez direla “ez multinazionalak eta ezta ere higiezinen agentziak”.

EAJ: "Zaharrak, txikiak…"

“Kasu askotan etxebizitza herentzian jaso dute gurasoengandik, merkaturatzeko zaila den etxebizitza. Asko dira zaharrak, eta obra behar dute, eta jabe berriek ezin diete inbertsio horiei aurre egin. Beste kasu batzuetan, berriz, dira etxebizitza txikiak, 40 metro koadro ingurukoak, horiek ere merkaturatzeko zailak direnak. Eta hortxe daude ere erortzeko zorian edo abandonatuta dauden baserrien kasuak. Egia da abandonatuta daudela deklaratuz gero hobariak eskuratzeko aukera dutela jabeek, baina batzuetan hori ere ez da jabeen interesekoa izaten, etorkizunera begira ez zaielako komeni baserriak kalifikazio hori izatea, etorkizunean haiek berritu ahal izateko edo bertan jardueraren bat abiarazi ahal izateko. Eta beste kasu batzuetan, senidea zaharren egoitzan izanda hobaria lortzeko eskubidea izan arren, seme-alabak kanpoan bizi direnez, hobari hori eskatzeko epea pasatu egiten zaie”.

PSE-EE: "Merkatuan eragina"

Patricia Borinaga sozialistak erantzun zuen azpimarratuz “laster” Espainiako gobernua arduratuko dela etxebizitza hutsei ezarri beharreko kanonaz, eta beraz, aurrerantzean udalek ez dutela zentzu horretan erabakirik hartu beharko. Edozelan ere, bien bitartean errekargua kobratzearen alde egin zuen sozialistak, adierazita, besteak beste, orain arte etxebizitza izatea inbertsio modura hartu izan dela kasu askotan, eta etxe hutsak merkaturatu ezak eragin handia duela etxebizitzen eskari-eskaintzan, eta oro har, alokairuen edo salmenten prezioan. Gogora ekarri zuen, baita ere, “errekarguak dauden modura, zerga-salbuespenak” ere badaudela.

EH Bildu: Mentalitate aldaketa

EH Bilduren izenean, berriz, Unai Larreategik errekarguaren alde egin ondoren, kritikatu egin zuen errekargu horretatik lortutako diru-sarrerak oraindik ere Soraluzeko etxebizitza politikan erabili ez izana, nahiz eta Udal Gobernuak horrela erabakita eta adierazita izan. “Badirudi borondatea badagoela, baina bien bitartean errekarguen diruak gastatzen dira etxebizitza politiketatik aparte. Diskurtsoa ondo dago, baina praktikan hutsunea dago. Eta hori askotan esan dugu”, adierazi zuen Larreategik.

Horrez aparte, Plazentzian “mentalitate aldaketa” beharra dagoela azpimarratu zuen oposizioko bozeramaleak. Adibide modura zera adierazi zuen, besteak beste: “Askori oso gogorra egiten zaie lehen, ustez, 100.000 euro balio zuen etxebizitza orain 60.000 eurotan saldu beharra; edo ez dute salduko. Edo, adibidez, 20.000 euro inbertitu beharra dutela zaharra den etxebizitza apur bat egokitu eta merkaturatu ahal izateko… Mentalitate aldaketa orokorra behar da. Eta denon artean pentsatu behar dugu hori guztia; errekarguarekin gora eta behera ibili beharrean. Diskurtso demagogikoa da eta populista ere bai, zenbait kasutan”, salatu zuen Larreategik.

Erlazionatuak