Soraluzetarren zergak %2,2 igoko dituzte 2019an

Ubane Madera 2018ko urr. 18a, 10:33
Udalbatza atzoko osoko bilkuran.

Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) araberako igoera izango dute datorren urtean soraluzetarrek ordaindu beharreko zergek. Azken urteotan moduan, abuztuko portzentajea hartu dute kontuan igoeraren zenbatekoa zehazteko, eta aurtengoa %2,2koa izan da. Halaxe jakinarazi zuen Udal Gobernuak atzo, eguaztena, egindako osoko bilkuran. Puntua bozkatzerakoan, EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen zergen igoera.

Soraluzeko Udaleko zerga edo ordenantza fiskal guztiek izango dute igoera berbera 2019. urtean: %2,2koa. KPIren arabera ezarriko dute igoera, azken urteotan moduan, abuztuko indizearen arabera erabakitakoa.

Salbuespen bakarra izango da zerga horietan: taxiaren tarifa. Kasu horretan, Agitaxen, Gipuzkoako taxilarien elkarteak proposatu zuen %2,3 igotzea taxiaren prezioak, eta udalbatzarrak aho batez onartu zuen proposamen hori.

Gainontzean, esandako moduan, zergak %2,2 igotzea proposatu zuten eta Udal Gobernuaren (EAJ-PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zuten puntua.

KPIarena hausnarketarako

Oposizioko koalizioaren izenean, Unai Larreategik esplikatu zuen euren abstentzioaren arrazoia izan zela EH Bilduk debatera ekarri nahi izan duela KPIren aplikazioaren egokitasuna zergen igoerarako. “Erabaki politiko batzuetan (ordaintzeko orduan, pentsioen igoeran, adibidez) ez da horren erraz onartzen KPIren aplikazioa, eta beste batzuetan (kobratzerako orduan) berriz, bai (…). Hortik tiraka, beste leku batzuetan EH Bilduk zergen igoera txikiagoen alde egin du. Eta ez EH Bilduk bakarrik. Eibarren, esaterako, PSE-EEk berak erabaki du zergak izoztea. Eta beste detailetxo bat: zaborrei dagokienez, Debabarreneko Mankomunitateak Udalari igotakoa baino zerga handiagoa aplikatuko diegu guk herritarrei (Mankomunitateak %1a igo du zerga hori)”.

Autokritika ere egin zuen Larreategik, onartuta eurek ere gauza bera egin izan dutela aurreko legealdietan: KPIa aplikatu zergen igoeran. Baina kalean mobilizazioak zela ugaritu diren ikusita, horiek aintzat hartuta eta ikusita ere herritarrek “eros ahalmena galdu” egin dutela urtetik urtera, KPIa aplikatzearen gaineko “inertzia ezbaian” jartzearen beharra azpimarratu zuen oposizioko ordezkariak.

Oposizioari erantzuna

Iker Aldazabal alkateak erantzun zion hori berori ikusi egin behar dela KPIa positiboa zein negatiboa denean, eta Soraluzeko Udalean gertatu izan dela KPIa negatibo izatea. Eta zaborren tasei dagokienez, gogora ekarri zien EH Bildu gobernuan zegoenean KPI aplikatu zutela, nahiz eta kasu horretan ere Mankomunitateak gutxiago igo zaborren tasa; “guk orain egin dugun gauza berbera egin zenuten”.

Patricia Borinaga ordezkari sozialistak, berriz, azpimarratu zuen gobernuan zein oposizioan egon, eta hauteskunde urtea izan edo ez, sozialistek “beti” defendatu izan dutela KPIren araberako igoera, uste dutelako horixe dela modua “Udalaren baliabideak bermatzeko, gero Udalak berak ematen dituen zerbitzuak ere bermatu ahal izateko”.