Lasterketa motzekin nahikoa ez, eta orain ertainetan ere hasi da parte hartzen Ander de Luis korrikalari soraluzetarra. Eta badabil erakusten halakoetan ere indartsu dabilela: 16 kilometroko Gasteizko lasterketan bigarren egin ondoren, hirugarren postua erdietsi zuen zapatuan Panticosan korritutako 20 kilometroko lasterketan.
Ihesaldian
Ohi moduan, gainera, gustura ibili zela kontatu du korrikalariak: “Ondo ibili nintzen; hartu nuen entrenamendu modura, asteburu pasa joan eta aukera bertan neukalako. Egia esan, baina, 85 lagun irten ginen eta nahiko korrikalarik erretiratu egin behar izan zuten, zorua labainkorra zegoelako, erreka bazterretik ere pasatzen zen-eta ibilbidea. Niri dagokidanez, hiru lagun joan ginen elkarrekin ia-ia hasieratik eta laugarren helmugaratu zenari bost minutu baino gehiago atera genion. Beraz, gustura ibili ginen, elkarrekin berbetan…”
Ander de Luis soraluzetarrarekin batera, lasterketa berean parte hartu zuten ere beste bi soraluzetarrek: Raul Luisek (14. helmugaratu zen) eta Simun Larrañagak (36. helmugaratu zen).
21 kilometrokoa
Aurrera begira, berriz, Ander de Luisek jakinarazi du orain arte lasterketa motzak egiten ibili den arren, 21 kilometroko lasterketetan jarri duela “muga”, maratoi erdietan, alegia. Eta datorren zapatuan duela hurrengo hitzordua, Orendainen (Gipuzkoa), han 21 kilometroko beste lasterketa bat egiteko asmoarekin: Eltxotrail. “Modu horretan akaso denbora gehiago izango dut disfrutatzeko, behin haraino joanda…. Lehiakortasun handiagoa ere egoten da lasterketa luzeetan…”, esplikatu du.