Partidu garrantzitsuak dituzte Sorakoek asteburuan

Ubane Madera 2018ko urr. 10a, 15:55

Sorako gorengo mailako taldea.

Oraingo asteburuan Soraluze Futbol Taldeko gorengo mailako eta kadete mailako taldeek dituzte hitzorduak; barikuan eta zapatuan, hurrenez hurren. Bestalde, infantil mailako taldeak datorren astean du denboraldiko lehen hitzordua.

Sorako gorengo mailako taldeak partidu garrantzitsua du oraingo asteburuan. Sailkapenean atzean dabil etxeko taldea, 13. postuan, hain justu; eta barikuan gertuan duen aurkaria izango du aurrez aurre: Zestoa.

Puntu garrantzitsuak 

Izan ere, zestoarrak sailkapenean 15. postuan daude, eta haiei irabazita, bien arteko aldea handitzeaz aparte, hiru puntu oso garrantzitsu eskuratuko lituzkete Sorakoek sailkapenean aurrera egiteko. Partidua 16:30ean hasiko da, kanpoan, Zestoan.

Kadeteek Azpeitian 

Kadete mailako taldeari dagokionez, haiek ere kontuan hartzeko moduko hitzordua dute Azpeitian. Sailkapenean hirugarren daude etxekoak eta laugarren, berriz, azpeitiarrak, baina puntutan berdinduta daude. Kadete mailakoek zapatu goizean jokatuko dute partidua Ikasberriren kontra, 10:00etan.

Atseden 

Gainontzeko taldeei dagokienez, berriz, benjamin eta alebin mailako taldeek atseden hartuko dute eta Sorako infantil mailako taldeak datorren astean izango du denboraldiko lehen hitzordua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.