Jokin Muñozek, Soraluzen bizi den mendaroarrak indar erakustaldia egin du gaur, domeka, I. Soraluze Urban Trail kirol probaren lasterketa luzean. 10,8 kilometroko ibilbidearen hasieran kokatu da lehen postuan eta halaxe eutsi dio amaierara arte.
Eta gainera, abiada ikusgarrian gailendu ditu ibilbideak zituen 768 eskailerak: 00:39:33 izan da Muñozen denbora. Sari bikoitza eskuratu du, gainera, hark: lasterketa irabaztearren eta helmugaratu den lehen soraluzetarra izatearren.
"Etxean berezia da"
“Valentziako maratoia nago prestatzen, eta gaur test moduan hartu dut, beraz, tokatzen zitzaidan ahal den azkarren eta gehien ematea, eta horrela egin dut: hasieratik nire erritmoa hartu eta bakarrik ipini”, kontatu du.
Eskailerei buruz, berriz, kontatu du zalantzak zalantza, “gustura” ibili dela eta lasterketa “polita, desberdina” izan dela: “Zalantzak nituen. Eskaileretan eta mendiak igotzen ibilitakoa naiz. Baina orain maratoia prestatzen dena lauan egiten dut, baina nahiko ondo moldatu naiz. Nahikoa indar ariketa sartuta ditut, eta gustura. Lasterketa polita izan da, desberdina, oso desberdina, beti lauan ibilita… hemen gora eta behera. Eta antolaketa aldetik ere zoragarria izan da, asko lagundu dute ibilbidean, ikusleen animoak… azkenean etxean korrika egitea berezia da”, azpimarratu du Jokin Muñozek.
"Lasterketa eramangarria"
Neskei dagokienez, berriz, Mari Carmen Seijas azkoitiarra da (Mendaron jaiotakoa) helmugan sartu den lehen emakumezkoa: 00:50:04 denbora egin du Seijasek.
Lasterketa “gogorra” izan dela kontatu du, baina ondo moldatu dela, eta ibilbidea polita dela: “Nahiko gogorra da, eskailera eta aldapa asko dituelako. Baina indarrak berreskuratzeko astia ere ematen du ze badaude dezente metro behera, beraz… Ibilbide polita da. Eskailerak normalean ez dira egoten lasterketetan, orduan, pixka bat desberdina izan da. Muskularki izorratu egin zaitezke aldapak eta eskailerak entrenatu ezean, baina nahiko eramangarria egiten da. Oso neska gutxi izan gara, hori bai; orain lasterketa asko daude, eta akaso errazago batzuetara joaten gara”.
Podium-eko gainontzekoak
Podiuma osatzen, bigarren gizonezkoa izan da Sergio Lopez ermuarra (00:40:43) eta hirugarren, berriz, Iñaki Elola azkoitiarra (00:42:58).
Eta emakumezkoetan, bigarren helmugaratu da Pilar Arriola elgoibartarra (00:53:36) eta hirugarren, berriz, Elena Beristain zarauztarra (00:55:06).
Beristainek, baina, merezi du aipamen berezia; herrian ezaguna izateaz aparte (Mesedeetako egoitzako zuzendaria da) birritan egin du-eta lasterketa: 10,8 kilometrokoa lehenengo eta Andaina herrikoia ondoren.