Bihar, zapatua, aurkeztuko ditu aurtengo ekipoak Soraluze Futbol Taldeak

Ubane Madera 2018ko urr. 5a, 21:10
Sorak aurten kadete mailan duen taldea. Argazkia: Gorka Zubiaurre.

Bihar, zapatua, aurtengo ekipoak aurkezteko ekitaldia egingo du Soraluze Futbol Taldeak. 15:30ean egin dute hitzordua, Ezoziko futbol-zelaian. Taldeko argazkiak, omenaldia eta partidua izango dira, besteak beste.

Bihar, 15:30ean Ezoziko futbol zelaian elkartu eta aurtengo aurkezpen ekitaldiarekin hasteko, taldeak mailaka banan-banan aurkeztuko dituzte; ondoren, argazkia aterako dute guztiek batera.

Gero, Sorako bi jokalariri omenaldia egingo diete, Soraluzeko futbol-taldean emandako 20 urteengatik. Borja Olaizola eta Raul Luis dira omenduko dituzte bi jokalariak; Sorako ordezkariek plaka bana emango diete, oroigarri. Aurkezpen-eguna borobiltzeko, partidua jokatuko du Sorako goi-mailako taldeak Idiazabalgo taldearen kontra.  

Aipatzekoa da Sorak denboraldia berritasunekin hasi duela. Batetik, ahalegindu dira herriko jokalari gehiago erakartzen lehen taldera, eta 15 herritarren baiezkoa lortu dute. Bestetik, entrenatzaile berriak ditu talde nagusiak, hiru: “Ivan Rodriguez da lehen entrenatzailea, Oiher Zabaleta da atezainen entrenatzaile edo bigarrena, eta Pedro Rodriguez da ordezkaria, masajista… denetik. Arrasatekoak dira”,  hala esplikatu dute Sorako zuzendaritzako kideek.  Azkenik, gazte-mailako taldea ezin izan dute osatu, jokalari faltagatik.

Jardunaldiei dagokienez, Sorako goi-mailak 30 jardunaldi izango ditu; kadete -eta infantil-mailako taldeek, berriz, 12. Aurten zer helburu duten galdetuta zera erantzun dute zuzendaritzakoek: “mantentzea”.