Santa Ana kalean egokitu duten lokala baliatuko dute ekimena herritarrengana hurreratzeko. Izan ere, bertan, izena ematearekin batera, eskuratu ahalko da informazioa, prestakuntza tailerretan parte hartu, paparreko txapak jaso, materiala erosi eta, batez ere, hizkuntza biziberritzearen aldeko ilusioa elkarbanatu arreta eskainiko duten dozenaka herritar boluntarioekin.
Lokala zabalik izango da asteko lau egunetan; martitzenetik barikura, arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:00etara.
Prestakuntza-tailerrak urrian
Urriaren amaiera aldera hasi eta azaroan zehar, Euskaraldian izena ematen duten herritarrendako prestakuntza-tailerrak eskainiko dituzte 365 Taldeko boluntarioek, ekimenak iraungo duen 11 egunetan zela jokatu ensaiatzeko. 90 minutuko saioetan jarraibide eta trikimailuak landuko dituzte; batetik, Ahobiziek, eta, bestetik, Belarriprestek. Tailer horien egutegi zehatza urrian zehar ezagutaraziko dute.
Izan nahi duzu boluntario?
Dagoeneko, dozenaka herritar dira Soraluzen Euskaraldia bideratzen laguntzen diharduten boluntarioak. Modu askotara eman daiteke laguntza: lokalean txandak betez, herritarrei euskaraldia zer den azalduz, tailerrak emanez... Boluntario moduan jardun nahi izanez gero, idatzi edo deitu lasai 688 613 698 zenbakira, edo hurreratu lokalera. Ondo etorria izango zara!
Izen-ematea
Gogoratu, Euskaraldian izena eman daitekeela online,www.euskaraldia.eus webgunean; edo modu presentzialean, Santa Anako lokalean,Iratxo goxodendan edo udaletxeko harreran fitxa beteta.
Rola ondo aukeratzea komeni
Antolatzaileen esanetan, izena eman aurretik, komeni da Ahobizi edo Belarriprest rolen esanahaia ondo ulertzea; ondoren, konpromisoa behar bezala betetzeko. “Euskaraldia ez da festa izango: eguneroko ohiturak aldatzeko saioa izango da, inplikazioa eskatuko duena. Rol biek eskatzen dute inplikazioa, baina Ahobizi rolak eskatzen duena altuagoa da. Euskaldun guztiek ez dute zertan Ahobizi izan, ez baita aukeratu behar norberak daukan hizkuntza-gaitasunaren arabera, baizik eta norberak 11 egunetan eduki nahi duen jokabidearen arabera. Esaterako, euskaldunak elkarrizketa elebidunak izateko bere burua indarrez ikusten ez badu, egokiagoa da Belarriprest rola hartzea. Bi rolak dira garrantzitsuak eta ezinbestekoak”.