Soraluzeko Berbalagunek eguenean hasiko dute ikasturtea “berba-potea”-rekin

Erredakzioa 2018ko urr. 3a, 10:03

“Egin jauzi” lema aukeratu dute aurtengo kanpainaren mezu nagusi moduan eta, hain zuzen, berbalagunen artera jauzi egitea da proposatzen diotena euskara praktikatu nahi duen guztiari.

Eguenean pintxo-pote berezia egingo dute Berbalagun egitasmoan diharduten herritarrek: “Berba-potea”. Ikasturte berria hastearekin batera, lau haizetara iragarriko dute egitasmoan izena emateko epea zabalik dagoela ere.

Soraluzeko Berbalagunek kalean eta lagunarteko giroan hasiko dute euskara praktikatzeko egitasmoaren ikasturte berria. Astean ordubetez elkartzen jarraituko dute euskara ikasten dihardutenak eta euskara dakitenak, elkarrekin praktikatu eta berba egiteko gaitasuna hobetzeko.

Izena emateko, idatzi maialen@pilpilean.eus helbidera, edo jo Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartera. Ezinbestekoa da gutxieneko ulermen-maila ziurtatzeko, ekimenean izena eman ahal izateko.