Urban Trailaren ibilbideak probatzeko hitzordua jarri dute, biharko

Ubane Madera 2018ko urr. 2a, 09:58
Jokin Martinez I. Soraluze Urban Trailaren kartela eskuetan, probak izango duen eskailera tramuetako batean.

Ia guztia gertu dute domekan, urriaren 7an, I. Soraluze Urban Trail lasterketa egiteko. Berau da Soraluze, mugituz! mugimenduak ikasturterako antolatu duen azken kirol-jarduera. Egunotan, laguntzaile bila dabiltza, lasterketa bideratu, anoak eman… eta bestelakoak egiteko. Bestalde, bihar, eguaztena, ibilbideak probatzeko hitzordua jarri dute, 19:30ean, Zubi Nagusian.

Jokin Martinezek, I. Soraluze Urban Trail kirol jardueraren antolatzaileetako batek eman du biharko, eguaztena, "kedadaren" berri: "Biharko hitzorduaren helburua da norbait zalantzan baldin badago ibilbideen ezaugarriekin, ba bertatik bertar bi ibilbideak ikusteko aukera ematea. 19:30ean Zubi Nagusian elkartu eta bertatik abiatuta, alde batetik, Jose Luquek eta Itsaso Martinek egingo dute Andaina herrikoia, poliki. Eta bestetik, neuk egingo dut lasterketa luzea, baina hori ere poliki, ordu eta erdian-edo. Azkenean, helburua delako ibilbideak ezagutzera ematea".

Beraz, bihar, gonbita eginda dago: I. Soraluze Urban Trail-ak izango dituen bi ibilbideak elkarrekin ezagutzeko hitzordua, 19:30ean, Zubi Nagusian.

Motza eta luzea

Izan ere, Soraluze, mugituz! mugimenduaren filosofiari jarraiki, bi lasterketa motatan parte hartzeko aukera izango da domekan: 09:30ean hasiko den 10,8 kilometroko lasterketan edo 11:00etan hasiko den 6 kilometroko Andaina herrikoian (ez lehiakorra; izen galegoa du lasterketa horrek; hain justu, haren esanahia da oinezko ibilaldia).

Lehenaren kasuan, 750 eskailera baino gehiago gainditu beharko dituzte lasterkariek, eta Andaina herrikoian, berriz, 500 eskailera baino gehiago.

Izen-ematea

I. Soraluze Urban Trail lasterketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago kirolprobak.com web-orrian. Edozein modutan, lasterketa egunean bertan ere eman ahal izango da izena: lasterketa nagusirako 08:00ak eta 08:45ak bitartean, kontzejupean. 30 dortsal gordeko dituzte horretarako.

Hori bai, egunean bertan izena ematearen kostua 14 euro izango da, bestela, 7 euro da prezioa. Eta Andaina herrikoirako, berriz, izena eman ahal izango da domekan, 08:00ak eta 10:15ak bitartean, kasu horretan ere udaletxe azpian.. Horretarako, 30 dortsal gordeko dituzte. Lasterketa ez lehiakorrean, baina, ez da aldatuko ordaindu beharrekoa (4 euro).

Bi lasterketen kasuan, ibilbidearen %100 herrigunean egingo da. Irteera eta helmuga Zubi Nagusian izango ditu, herriaren ardatz nagusi den Deba ibaiaren albotik hainbat aldiz pasatu ondoren. 

Lasterketa lehiakorraren eta ez lehiakorraren artean desberdintasuna badago: alde batetik, Andainako jaitsierak laburragoak dira; bestetik, lasterketa nagusiak zazpi igoera-gune ditu, ez lehiakorrak, berriz, bost.

Laguntzaileak

I. Soraluze Urban Trail-a gauzatzeko laguntzaile bila dabiltza egunotan antolatzaileak. “Kalkulatzen dugu denera 50 bat laguntzaile beharko ditugula. Zirkulazio eteteak daude, anoak banatu beharra… horiek guztiak lotzeko boluntario-talde handia behar da. Beraz, norbaitek beste modu batera parte hartu nahi badu lasterketan, modu horretara ere lagundu dezake” Hori adierazi digu Jokin Martinezek.

Sariak

Bestalde, sariak eta oroigarriak ere izango dira parte-hartzaileendako, hala kontatu digu Martinezek: “Gizon eta emakume irabazleentzat Manu Cifuentes Soraluzeko arotzak egindako garaikurra izango da. Soraluzeko bertako kontsumoa bultzatzeko halako detaileak lotzen ahalegintzen gara. Eta Soraluzeko lehenengoendako (gizon zein emakume) izango da KLB6 saltokiko bonua. Andaina herrikoian, ostera, lasterketa ez lehiakorra denez, opariak zozkatuko egingo dira. Adibidez, Renegade markako betaurrekoak.