Gol ugari Sorako beteranoen partiduan

Ubane Madera 2018ko urr. 1a, 17:59
Sorako eta Deportivoko jokalariak, elkarrekin. Argazkiak: Calderon.

“Beteranoak” izan arren, Sorako lehenagoko jokalariek gol erakustaldia egin zuten atzo, domeka, Deportivo Riojanoren kontra jokatutako lagunartekoan:  6-1 izan zen emaitza. Partiduaren zein ondorengo luntxaren emaitzarekin gustura etxeratu ziren futbol jokalari beteranoak, hurrengoa noiz egin buruan.

Zazpi gol ikusi ahal izan zituzten atzo, domeka, Sorako beteranoen partidua ikustera Ezoziko futbol zelaira joan zirenek: etxekoen seiak eta Deportivo Riojanok sartu zuena. Alde nabarmen horren zergatia esplikatu du Iraultz Arluziagak, Sorako jokalarietako batek: “Beterano-beteranoak ziren besteak, gu baino beteranoagoak”.

Hark esan du, gainera, “jende dezente” egon zela ikusten. “Poliki-poliki hasi ziren, eta azkenerako ikusle nahiko zegoen”.

Gabonetan edo udaberrian

Partidua amaitutakoan, “bazkari-luntxa” egin zuten jokalari beterano guztiek elkarrekin; “oso ondo ibili ginen, Errioxakoak ere oso gustura joan ziren”, dio Arluziagak. Eta dagoeneko hurrengoa noiz egin pentsatzen dabiltzala ere kontatu du: “Ea Gabonetan posible den, eta bestela udaberrian”.