Erreferendumaren urteurrena gogora ekartzeko elkarretaratzea

Ubane Madera 2018ko urr. 1a, 14:10

Gaur, astelehena, 19:00etan elkarretaratzea deitu du Soraluzeko Gure Esku Dago dinamikak. Plaza Berrian egin du hitzordua, hain justu orain dela urtebete Katalunian egindako erreferendumaren lehen urteurrenaren baitan. Askatasuna erabakitzea da aldarrikatuko dute, lelo bitartez.

Gaurko egunez orain dela urtebete Katalunian egindako erreferenduma “ahaztezina, demokrata guztientzat mugarri historiko bat” izan zela azpimarratuta, atzo domeka, Gernikan egin zuen ekitaldi nagusia Gure Esku Dago dinamikak.

Elkartasuna eta burujabetza

Eta besteak beste, honako mezua partekatu zuten: “Gernika-Lumotik, askatasun, bake eta demokraziaren sinbolo den herri honetatik, mundu osoaren aurrean adierazi nahi dugu herrien askatasun eta burujabetza asmoak pizturik daudela, izan katalan herria, korsikar herria, kanak herria, eskoziar herria edo euskal herria. Ozen esan dezakegu: euskaldunok eta katalanek, demokrazia eta burujabetzaren aldeko konpromisoa eta mundu justuago baten aldeko gogoa konpartitzen dugu. Bidelagun gara. Elkar lagunduta, bidea samurrago egingo dugu, eta urrutiago iritsiko gara. Gure Esku Dagon, elkartasun hori piztuta mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, burujabetza eta demokraziarako bidea argitu diezagun”.


Testuinguru horretan deitu dute, bada, gaur iluntzeko elkarretaratzea Soraluzen.