Vitoria Gasteiz Trailen, soraluzetarra bigarren

Ubane Madera 2018ko urr. 1a, 10:52

Ander de Luis podiumean, atzo domeka. Argazkia: Ander de Luis.

Indartsu hasi du udako opor osteko denboraldia Ander de Luis korrikalari soraluzetarrak. Domekan lehiatu zen Vitoria Gasteiz Trail lasterketaren XI. edizioan eta bigarren helmugaratu soraluzetarra. Ia 400 korrikalarik parte hartu zuen proban. Hasieratik aurrean kokatu zen De Luis, eta bukaerara arte eutsi zion aurreko postu horri.

16 kilometroko lasterketa izan zuen aurrez aurre Ander de Luis soraluzetarrak atzo, domeka. “Lasterketa azkarra izan zen, korrika asko egitekoa; ibilbide laua zen eta ondorioz, lasterketa oso azkarra izan zen”, kontatu du hark.

Gaineratutakoaren arabera, hasieran hartu zuen aurrea, eta lasterketa osoan eutsi zion aurreko postuei: “Hiruzpalau joan ginen hasieratik elkarrekin, beti aurrean. Azkenean, mendian sartzen, bi joan ginen, eta asfaltoan irabazi egin zidan besteak. Azken bi kilometrotan erritmo gogorragoa hartu zuen lehenak, hobeto moldatzen da asfaltoan eta lehena iritsi zen”.

Oinarria Marraskilo Tourren

Edozein modutan, Jon Aizpuru irabazleak 18 segundoko aldea besterik ez zion atera soraluzetarrari. Eta jakina, ohi duen moduan, De Luis pozik da erdietsitakoarekin: “Pozik. Disfrutatzeko joaten naiz, eta neska-lagunaren etxe ondoan izanda, ibiltzen joan nintzen lasterketara; hori ere asko da”.

Kontatu du, baita ere, domekako lasterketarako etxeko lanak eginda bertaratu zela. “Oinarria hartzeko Marraskilo Tour egin nuen, eta oso ondo ibili nintzen”, diosku.

Andaina herrikoian

Arabakoa eginda, Soraluzen du hurrengo hitzordua Ander de Luisek: Soraluze, mugituz! mugimenduak antolatutako I. Soraluze Urban Trailen parte hartuko du. “Andaina egin behar dut. Lagunekin egingo dut, eta haiekin ere nahi dut disfrutatzea. Ze orain hasiko naiz jo ta fuego mendiko lasterketetan; bi asteburu barru, adibidez, Panticosara goaz, 20 kilometroko lasterketa egitera. Lasterketa luzea egingo dugu han, behin Panticosaraino joanda…”, esplikatu du.


Izan ere, opor osteko denboraldia hasi du orain korrikalari soraluzetarrak. Eta dena ondo bidean, uztailera arte segituko du hark, lasterketaz lasterketa: “Gustura baldin banago, aurtengo moduan, Iñaki Ruiz Mendi Lasterketan bukatuko dut. Hilean bizpahiru lasterketa egingo ditut”.