22-10 irabazi dute Atxotegik eta Balerdik

Ubane Madera 2018ko ira. 29a, 12:45
Manex Balerdi eta Aitor Atxotegi pilotalekuan, partiduaren amaieran.

Aurkarien kaleak aprobetxatuta, indartsu jokoan, 22 eta 10 gailendu dira gaur goizean, zapatua, Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi pilotari soraluzetarrak Hernaniko bikotearen kontra. Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako lehen mailako hirugarren partidua jokatu dute soraluzetarrek, eta dagoeneko datorren astean Tolosan jokatuko duten partiduari begira daude, “gogotsu”.

Launa berdintzea lortu ondoren, abiada hartu eta tantoka-tantoka aldea hartzen joan dira soraluzetarrak etengabe, 22. tantoa egin arte. Ordubete baino gutxiagoan menderatu dituzte hernaniarrak, markagailua 22-10 lagata. Pozik gelditu dira emaitzarekin soraluzetarrak.

Martxa hartu

“Hasi gara pixka bat hotz-edo, eta abantaila hartu digute 4-1. Baina buelta eman, gure pilota atera eta poliki-poliki martxa hartuta, gustura ibili gara. Eurek normalean baino kale gehiago egin dituzte, eta guk ez du kalerik egin; eta euren kaleak aprobetxatzen lortu dugu partidua aurrera ateratzea”, laburbildu du partidua Soraluze Pilota Elkarteko jokalari eta irakasle Aitor Atxotegi aurrelariak.

Aurrean

Irailean hasi den Gipuzkoako Txapelketako hiru partidutik bakarra galdu dute soraluzetarrek; hori horrela, aurrean daude eta hurrengo partiduari begira dabiltza dagoeneko: “Multzoan denok gaude, gutxienez, partidu bat galduta. Beraz, berdinduta gabiltza denok; eta guk bi irabazita, sailkapenean aurrean ipiniko gara, eta ja gogoekin gaude hurrengo partiduari begira, ea partidu on bat irteten zaigun”, dio Atxotegik. Tolosan dute, hain justu, datorren astean partidu hori Soraluzeko pilotariek.