Datorren astean abiaraziko dute Soraluzeko Pilota Elkartearen eskola

Ubane Madera 2018ko ira. 27a, 11:33
Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariak eta gurasoak batzarrean, atzo, eguaztena.

Soraluzeko Pilota Elkarteko eskolak datorren astean ekingo dio jardunari. Eskolaren gaineko funtzionamendua azaltzeko batzarra egin zuten atzo iluntzean gurasoekin, eta bertan esplikatutakoaren arabera, astelehenetan, eguaztenetan eta barikutan izango dituzte eskolak, neska-mutikoak adinaren eta mailaren arabera sailkatuta.

“Eskolako egutegia erabiliko dugu, gauzak errazte aldera. Ibai Kortabarria, Josu Unanue, Aitor Atxotegi eta Gorka Santamaria izango gara begiraleak”, jakinarazi zuen Aitor Atxotegik osoko bilkuren aretoan egindako batzarrean. “Urtean bi erakustaldi egingo ditugu. Gabonetan lagunarteko txapelketa, eta udan denok denon kontra egiten dugun txapelketa eta finala”, gaineratu zuen hark.

Urriaren 24an kobratuko dute eskolari dagokion aurtengo kuota (45 euro). Izan ere, ohi duten moduan, hiru asteko epea emango dute probarako: “Umeek erabakitzeko ea gustuko duten edo ez. Norbait zalantzan baldin badago, etor dadila trankil probatzera”, egin zuen gonbita Atxotegik.  

Gipuzkoako Txapelketa Soraluzen

Bestalde, oraingo zapatuan, 10:30ean partidua jokatuko dute eskuz binaka Atxotegik eta Balerdik Hernaniko Urkizuren eta Labakaren kontra, Arane kiroldegiko pilotalekuan. Gipuzkoako eskuz binakako txapelketaren baitako partidua da berau. Izan ere, txapelketa horretan, 1. mailan dihardute jokatzen Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotariak. Aipatutako bi jokalariekin batera, Gorka Santamariak ere badihardu lehian txapelketa berean.

Eta Gipuzkoako txapelketan, baina gomazko paletan dabiltza lehian, baita ere, Soraluzeko Pilota Elkarteko jokalariak. Kasu honetan, 2. eta 3. mailan dabiltza lehiatzen Oñate, Fernandez, Gallastegi, Etxeberria eta Heriz. Hain justu, Oñatek eta Fernandezek bihar, barikua, Orion dute partidurako hitzordua, 20:30ean, bertako bikotearen kontra.