Ehunetik gora mendizale Marraskilo Tourrean

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 16a, 12:05

Eguraldi ederrarekin, 115 mendizale inguruk zeharkatu zituzten atzo Soraluze inguruko mendiak. Argazkiak: Fernan Oregi eta Egoitz Unamuno.

Herriko mendizaleekin batera, kanpotik etorritako mendizale mordoxka batek parte hartu zuen herriko mendi martxan. Inguruko herrietatik etorri ziren batzuk: Elgoibar, Bergara, Azkoitia, Azpeitia... Eta urrinagotik beste batzuk: Arrigorriaga, Hendaia...  Guztien artean, David Rascon izan zen ibilaldia (36 km) bizkorren burutu zuena, 4:08:29ko denbora eginda. Atzetik, zazpi minutu geroago, heldu ziren Joseba Garcia eta Ander de Luis Plaza Berriko helmugara.  

Ibilaldian zehar, mendizale bat baino gehiago ibili zen galduta, batez ere, Atxolinetik Kurutzebakar eta Artzaintxaboletarako bide zatian, joaneko eta bueltako bideak gurutzatzen ziren lekuetan, aukeratu beharreko bidea zein zen asmatu ezinik. Izan ere, aurten antolatzaileek aldaketaren bat edo beste egin behar izan dute ibilbidean; besteak beste, zenbait lekutan piñuak bota ostean ingurua garbitu barik laga dutelako. Dena dela, antolatzaileek adierazi dute gustura daudela aurtengo edizioak eman duenarekin, parte hartzea handia izan delako, eta, bereziki, emakumezkoen parte hartzeak gora egin duelako, tartean, izan dira lehen aldiz martxan parte hartu duten herriko gaztetxoak ere. 

Soraluze Mugituz ekimenak antolatuko duen hurrengo kirol hitzordua urriaren 7an egingo da: Soraluze Urban Trail lasterketa. Dagoeneko zabalik da izen-ematea.