Hamabigarren Marraskilo Tourra egingo da irailaren 15ean

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 6a, 10:02
Mendizale bat iazko Marraskilo Tourrean.

Zapatu goizean, Mendi taldeko boluntarioek mendi-bideak garbituko dituzte, aurten, bereziki hazi diren sasiak moztuta. 

Zapatu goizean, antolakuntza taldean diharduten boluntarioek desbrozagailua eta aitzurrak hartu eta ibilbidearen zati batzuk garbituko dituzte. Aurten, gainera, eguraldi euritsua dela eta, sasiak eta landareak bereziki indartsu hazi dira, eta, ondorioz, aurreko urteetan baino lan gehiago egin beharko dute mendizaleei bideak zabaltzeko.   
 
Gainerakoan, aurreko urteetako ezaugarri berberak izango ditu aurtengo Marraskilo Tourrak. Ibilbide bi izango dira aukeran: bata, luzea, 35 kilometrokoa; eta bestea, motza, 19 kilometrokoa. Ibilbide luzea egingo duten mendizaleak goizeko 06:00etan irtengo dira Kontzejupetik eta ibilbide motza egingo dutenak 08:00retan, toki beretik. Dorsalak egunean bertan banatuko dituzte.
 
Ibilbide luzean zehar lau anoa gune izango dira: 6. 14. 21. eta 28. kilometroetan; eta ibilbide motzean, bi, 7. eta 14. kilometroetan. Martxa amaitu ostean, parte hartzaileek aukera izango dute Kiroldegian dutxatzeko, eta, ostean, Frontoian egingo den bazkarian bazkaltzeko ere bai. 

Izen-ematea

Izena aurrez edo egunean bertan eman daiteke. Izena aurrez ematen duten bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez-bazkideek 12 euro. Izena egunean bertan ematen dutenek, berriz, gehiago ordaindu beharko dute, 15 euro. Inskripzioa ordaintzearen truke, parte hartzaileek izango dituzte anoa guneak, aldagelak kiroldegian, bazkaria eta opari bat.
Izen-ematea internet bitartez egin daiteke kirolprobak.com webgunean. Baita soraluzekomenditaldea@gmail.com helbidera idatzita edo 686893289 mugikorrera deituta ere, edo Mendi Taldearen egoitzara -Etxaburuetako Elkartegira- joanda, eguenetan, 19:30-20:30 bitartean.  
 

Bideak garbitzeko lanak