Benito Rosek sekulako erakustaldia eskaini zuen San Martzialen

Egoitz Unamuno 2018ko ira. 2a, 12:13

Benito Rosek aho zabalik laga zituen atzo San Martzialen batu ziren herritarrak. Ariketa ikusgarriak burutu zituen bizikletarekin, arrisku handiak hartuz. 

Ikusmin handia zegoen atzo Benito Ros nafarrak San Martzialen eskainiko zuen erakustaldia ikusteko. Arratsaldeko 18:30ak aldera hasi ziren zirkuitua prestatzen, baina ikuskizunak eskatzen zuen exigentzia maila altua zela eta, uste baino denbora gehiago behar izan zuten dena puntuan jartzeko: edukiontziak, kupela, egurrezko erranpak, traktora... Denetariko egiturez osatu zuten zirkuitua. Azkenean, iragarritakoa baino ordu erdi bat beranduago lortu zuten guztia prestatzea. Hala ere, inork ez zuen plazatik alde egin eta plazaren inguruak ikuslez beteta zeuden Rosek saioari ekin zionean. 

Erakustaldiaren lehen atalean, ustez ariketarik "errazenak" zirenak burutu zituen Rosek, baina zailatsun bat baino gehiago izan zuen, auzotarrek prestatutako egiturak mugitu egin zirelako, eta mugimendu txikiak izan arren, bizikletaren gainean izan beharreko oreka ezinezko egiten zutelako. Hala ere, ikuskizunak aurrera egin ahala, hasierako zailtasunak gainditu eta sekulako maisutasuna erakutsi zuen zirkuituaren atalik zailenetan. Beharbada, paperaren edukiontzitik egurrezko adarren gainera egin zuen jauzia izan zen momenturik zirraragarrienetakoa. Ostean, metro eta hogeitamabost zentrimetroko altuerako langa gainditu zuen jendearen txalo eta animo artean.  

Ikuskizunaren azken zatian, bizikleta laga eta motorra hartu zuen Rosek eta San Martzialgo etxearen atzeko errepidean akrobaziak egin zituen. Ikusleak errepidearen alde banatan ezarri ziren, eta errepidean gora eta behera ibili zen Ros, batean motorraren gainean zutik jarrita, hurrengo manillarraren gainean exerita zirkuluan derrapatuz, motorraren atzetik korrika... Zer ez zuen egin. Jendeak gogotik eskertu zion. Ia zeharo ilundu zuen Rosek erakustaldia amaitu zuenerako.

Azkenik plazara bueltatu eta zaleei bere argazkia zeroaten postalak sinatu zizkien txirrindulariak. Hainbatek berarekin argazkiak ere atera zituzten.