Aurretik Eibar Rugby Taldeko gizonezkoek egin zuten moduan, joan zen astean emakumezkoak entrenatu ziren Ezozin. Emakumezkoen taldea 2007an eratu zuten klubean eta denborarekin sendotu egin da: "nahiz eta hastapenak nahiko gogorrak izan ziren, klubaren zati garrantzitsu bat direla erakutsi dute (emakumezkoek) eta emaitza oso onak lortu dituzte. Gainera, interesa agertzen duen gero eta neska gehiago dago".
Nesken taldea une "gozoa" ari ei da bizitzen: "Euskal Herriko puntako taldeetako bat da. Jokalariak ditu Euskal selekzioan eta Eskola nazionaletan. Taldea gogor dago eta hurrengo pauso ematea espero du: bigarren talde bat izatea".
Eskerrak Udalari eta herritarrei
Klub armaginak eskerrak eman nahi dizkie Soraluzeko Udalari eta entrenamenduetara hurreratu diren soraluzetarrei: "Erraztasun guztiak eman dizkigute Ezozin entrenatzeko eta, gainera, alkatea ere etorri zaigu bisitan. Eskertzekoa da!", adierazi du Luis Platak, taldearen managerrak.
Joan zen astean egindako entrenamenduekin amaitutzat eman dute Soraluzera egindako bisita eta hemendik aurrerako entrenamenduak Eibarko Unben egingo dituzte. Etorkizunean ere asmoa dute bailaran errugbia ezagutarazten jarraitzeko, "bailaran jokalarien harrobi eta eskola ona sortu dadin".