Eibarko Rugbi Taldeak Ezozin dihardu entrenatzen

Egoitz Unamuno 2018ko abu. 21a, 12:23

Eibar Rugbi Taldeko jokalariak Ezozin.

Eibar Rugbi Taldeko gizonezkoek Ezoziko futbol zelaia aukeratu dute aurredenboraldiko entrenamenduak egiteko. Gaur, martitzena, arratsaldeko 19:00etan egingo dute hirugarren saioa. Argazkiak: Luis Plata.

Profesional mailako errugbi jokalariak dira egunotan Ezozin entrenatzen ari direnak. Eibar Rugbi Taldeko gizonezkoak, Espainiako bigarren mailako ligan jokatzen dutenak. 

Taldearen managerra soraluzetarra da, Luis Plata, eta bere bitartez etorri dira Ezozira entrenatzera: “Udalari baimena eskatu genion abuztuan Ezozin entrenamendu batzuk egiteko eta arazorik barik laga digu zelaia. Oso eskertuta gaude”. 

Urtean zehar, taldeak Unbeko zelaian entrenatu eta jokatzen du, baina, tarteka, Eibartik kanpo ere ateratzen dira, Platak azaldu digu zergatik: “Eibarko jokalariez gain, badira Ermukoak, Elgoibarkoak eta Soraluzekoak ere (Jon Elizburu “Kiru”), eta aurredenboraldia aprobetxatu nahi dugu euren herrietara joateko. Azken batean, gure asmoa da bailarako herrietan errugbia eta taldea ezagutaraztea, jendeak kirol honen berri jakin dezan”. 

Dagoeneko hiru entrenamendu egin dituzte herrian eta hurrengoa gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Datorren astean ere egingo dituzte beste bi, astelehenean eta martitzenean, ordu berean. 

Taldeko kideek dei egiten diete soraluzetarrei, gaztetxo nahiz helduei, hurreratu daitezen Ezozira, errugbi taldearen entrenamenduak ikustera: “Aukera paregabea da errugbia ezagutzeko”.