Guztira, 4.946 metro koadroko azalera dauka Pascual Churruca lantegiaren orubea osatzen duten lau lur-eremuek edo lau finkek. Hain zuzen ere, fabrikan bertan hasten da orubea eta Olako zubiraino ailegatzen da.
Gogoan izan beharra dago joan den asteaz geroztik Soraluzeko Udala dela haren guztiaren jabe, enkante publikoan eskaintza bakarra aurkeztu eta konkurtso administratzaileari lursail guztiak 404 euroan erosi eta gero (xehetasunak beheko loturan).
Behin lursailak eskuratuta, Soraluzeko Udalaren asmoa da esparru hura garatzea. Eta udalerriaren Egitamu Orokorraren arabera, eremu hura bizitoki modura erabili beharko litzateke etorkizunean.
Etxeak, garajeak…
Hain justu ere, 29 etxebizitza aurreikusten ditu egitamuak bertan. Pareko etxeen parera, behe-barruan garajeak, ondoren merkataritzarako lokalak, eta goiko solairuetan etxebizitzak izan beharko lituzke eraikinak. Garajeetarako sarbidea, berriz, Olako zubitik egokitu beharko lukete, bertan berdegunetxo edo plazatxo bat ere sortuz.
Hori guztia egin ahal izateko, baina, lehenengo eta behin fabrika zaharra bota eta eremu guztia garbitu egin beharko litzateke, lur industriala izan delako orain arte.
Jaurlaritzarekin batzarra
Hain justu ere, Soraluzeko Udalak asmoa dauka Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ordezkariekin batzarra egiteko, Pascual Churruca lantegiaren orubearen etorkizunaren gainean eta Olaldeako Plan Bereziaren gainean berba egiteko. Irailean egin nahi dute hitzordua.
Udal biltegia
Edozein modutan, hori guztia argitu eta zehaztu bitartean, dagoeneko Udala badabil fabrika zaharra erabiltzen, udal langileen atoia (erremolkea) bertan da. Eta asmoa da jaien ondoren, jaietarako erabiltzen diren azpiegiturak (zezenendako itxiturak eta beste) ere bertara eramate, Santa Ana kaleko udal biltegia txiki geratu delako.