Pascual Churruca lantegiaren eraikina eta lursailak erosi ditu Soraluzeko Udalak

Ubane Madera 2018ko uzt. 13a, 12:43

Pascual Churruca lantegia, argia itzali aurretik.

Pascual Churruca lantegiaren eta bertatik Olako zubiraino dauden lursailen enkante publikoan parte hartu zuen atzo Iker Aldazabal alkateak, Soraluzeko Udalaren izenean. Eta 860.831,4 eurotan baloratutako lau partzelak 404 eurotan eskuratu zituen. “Hirigintza ikuspegitik herriaren garapenerako klabea izango den lursaila da”, azpimarratu du alkateak.

“Lau finka/partzela daude han. Finka bakoitzeko, gutun-azal itxietan egin behar genuen proposamen ekonomikoa. Beste inor ere ez zen aurkeztu. Eta guk finka bakoitzeko proposatu genuen 101 euro. Beraz, guztira, 404 eurorengatik egin gara fabrikaren eta ondoko lursailen jabe”, kontatu du Iker Aldazabal alkateak, pozik lortutakoarengatik.

Beste enkantea hutsik 

Dirutan ja esanguratsua da Soraluzeko Udalak lortu duena. Izan ere, berez, lursail haiek, bere osotasunean daude baloratuta 860.831,4 eurotan: 75.686,06 euroan bat; 333.564,85 euroan bestea; 321.275,62 euroan hirugarrena eta 130.304 euroan laugarrena. Eta Soraluzeko Udalak lursail bakoitza eskuratu du 101 euroan. Guztiak, bada, 404 eurotan.  

“Aurretik beste enkante bat ere izan zen, apirilean. Eta han 280.000 eurotan eskaini zituzten lursail guztiak. Baina desertu geratu zen, inor ere ez zen aurkeztu. Eta orain egin dutena da bigarren enkantea”, jakinarazi du Aldazabalek. 

Klabea izango da 

Alkateak bereziki, azpimarratu du lur haiek Hirigintza ikuspuntutik udalerriaren garapenerako duten garrantzia: “Momentua tokatu zaigu eta aprobetxatu egin dugu aukera. Ze halako aukerak bizitzan gutxi daude. Honekin lortzen duguna da herriko Hirigintzako puzzlearen barruan beste zati garrantzitsu bat, Hirigintza ikuspegitik herriaren garapenerako klabea izango den lursaila. Eta inportanteena: esku pribatuetatik esku publikora pasatzen dela. Orain Udalarena da. Guk horrekin orain negoziatzeko aukera dugu, lehen ez geneukana. Eta helburua ere izan da hura ez bilakatzea hondakin industrial, SAPA bezala”.  

Soraluzeko Egitamu Orokorrak aurreikusten duena da lursail haiek etxebizitzak eraikitzeko izan behar direla. “Lurrak gureak direnez, negoziatuko dugu Eusko Jaurlaritzarekin, babes ofizialekoak, alokairuzko… etxeak egiteko”.

SACIArekin gauza bera

Halaber, alkateak gogora ekarri du orain Pascual Txurrukarekin egin duen moduan, lehenago ere gauza bera egin zuen SACIA lantegiarekin: “Udala egin zen lursailaren jabe eta gero zesioa egin zion Eusko Jaurlaritzari babes ofizialeko etxeak egiteko. Hortxe adibiderik garbiena erakusteko klabea dela Udala lurron jabe egitea. Ze udalerri pobrea gara gu, ez dugu ondarerik, ez lursail aldetik eta ezta mugiezin aldetik ere. Eta halakoak egin ezean… Legealdi honetan, sikiera, sei hektarea erosi ditugu, hainbat etxeren jabe egin gara (Atxuri 21, Errekalde 10. zenbakiarekin bagabiltza…)… zertarako? Ba Hirigintza ikuspuntutik buelta emateko udalerriari. Ez dago besterik. Ze promozio pribatuak ez dauka hemen inbertitzeko interesik, ez dagoelako eskaerarik. Eta udal moduan gu ez bagara pixka bat tiratzen hasten, zeinek egingo du ba?. Eta gainera, Pascual Churruca lantegia Udalak eskuratzeak ere badu karga sinboliko handia, lantegi hura udalerriarendako izan den guztiarengatik ” azpimarratu du alkateak.

Udal biltegi 

Esparru hura Egitamu Orokorrak dioenaren arabera garatzeko, baina, lehenengo fabrikaren eraikina bota egin behar da, eta lurrak industria kutsaduraz garbitu. “Bien bitartean, eraikina nahiko egoera onean dago. Eta Udalak aztertuko du zein erabilera eman. Ze adibidez, beheko solairua erabil daiteke udal biltegi modura. Egin behar duguna da ikusi eraikina goitik behera zein egoeratan dagoen, azterketa teknikoa egingo dugu eta bota aurretik, ba ikusiko dugu”, bukatu du Iker Aldazabalek.