Partidurako sarreren prezioa izango da 20 euro nagusiendako; 13-18 urte bitarteko gazteendako, berriz, 15 euro; 12 urte artekoendako 10 euro eta Bergarako klubeko diren futbol jokalariek ere 10 eurotan eskura ditzakete.
Sarrerak, hiru herritan
Hain justu, Bergaran, Antzuolan eta Soraluzen erosi ahal dira sarrerak; Soraluzeren kasuan, Batzokian, barikutik aurrera. “Bergara Kirol Elkarteko Zuzendaritzatik dei egiten diegu herriko zein bailarako herrietako zaleei partiduaz gozatzera etor daitezen”, adierazi dute.
Halaber, jakinarazitakoaren arabera, ahalegin handiaren fruitua da Bergaran goi mailako partidu hori izatea. Izan ere, Soraluce Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritza denboraldi hasieratik zebilen Lehen Mailako partidu bat Agorrosinera ekartzeko lanetan, eta azken hilabeteetan Udalarekin elkarlanean aritu da Bergararen 750. urteurreneko ekintzen barnean sartu ahal izateko.
Zaleen ilusioa
Hori horrela, Kluba eta Udala oso pozik azaldu dira partiduarekin: “Herrian bertan Erreala ikusteko aukera ez da gauza erraza, eta zale askorengan ilusioa piztu duen partidua da. Are gehiago aulkian entrenatzaile eta analisi tekniko arduradun bergararrak izanda, egun berezia izango da beraientzat ere ziur”.
Zerbitzu berriak partidurako
Bestalde, partidua ikustera doazenek Bergarako futbol zelaian antzemango dute aldaketa nabarmena: harmaila berria. Izan ere, klubak Bergarako Udalarekin elkarlanean beste tribuna bat ipiniko du egungoaren parean, ibai aldean.
Norgehiagoka eserita ikusi nahi duten zaleek horretarako tokia izateko helburuarekin jarriko dute 300 lagunetik gorako beste harmaila bat partidu egunerako. Harmailaz gain, taberna eta komunak ere ipiniko dira bertan ikuslearen erraztasunerako. Eta ondoan dagoen San Martin ikastetxeetako jolas tokiak aparkaleku bezala irekiko dira egun horretan autoz etorriko diren zaleentzat.