Adierazpen instituzionalak, hain justu, azpimarratzen du orain dela euskarari bultzada emateko momentu egokia, testuinguruak bide horretan lagundu egiten duelako. Datuak ikustea besterik ez dago:
Gutxi hitz egin
"Gipuzkoan bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren %57,4 euskalduna da eta biztanleen %73,3k euskara ulertzen dute. Erabilera-datuek diotenez, aldiz, Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen %39,5ek hitz egiten dute euskaraz".
Beraz, ustea da euskara eta gaztelania ez daudela oreka egoeran, eta beraz, “orain arteko ahaleginarekin bakarrik ez direla bi hizkuntzak parekatuko, indar gehiago jarri behar dugula hizkuntza-berdintasuna bultzatzeko”
Ulermenari garrantzia
Hori horrela, Euskaraldiaren xedea da ulermenari garrantzia ematea, orain arte eman zaiona baino handiagoa: “Erabileraren korapiloa askatzeko gako nagusi bat ulermenean datza. Alegia, euskararen ulermenaren balioa azpimarratuz gero, ulermena erabat zabalduz gero, euskararentzat eta gipuzkoarrontzat erabilerarako eremu zabal eta emankorra zabalduko dugu. Kontuan hartzeko beste datu bat: Gipuzkoako udalerri gehien-gehienetan ulermena %80tik gorakoa da, eta gainerakoetan biztanleen %60k baino gehiagok ulertzen dute euskara”, dio adierazpenak.
11 egun euskaraz
Eta hori abiapuntu, Euskaraldiaren bitartez egin nahi dena da azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hau da 11 egunez, 16 urtetik gorako helduek hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela erakustea. Hain justu ere, euskaraz dakitenek euskaraz eginez, eta euskaraz ulertzen dutenek, komunikazio hori euskaraz izan dadin lagunduz. Eta hori gauzatuko da bi figura edo rol baliatuta: Ahobiziak izango dira euskaraz jakin eta euskaraz berba egingo dutenak eta Belarriprestak, berriz, eurekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituztenak, eurek euskaraz zein gaztelaniaz erantzun arren.
Udala bidelagun
Bada hori guztia oinarri, honakoa onartu zuen udalbatzarrak adierazpen instituzionalaren bitartez:
Udalak Euskaraldiarekin bat egin eta “erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du”.
Ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo dituzte, “arduradun politikoak zein langileak izan”. Eta ildo beretik, herritarrek ere Euskaraldian parte har dezaten eta izena emateko “bideak erraztuko ditu”.
Eta oro har, Soraluzeko Udalak bat egiten du “ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan”.