Ibaia garbi zegoeneko testigantzak

Egoitz Unamuno 2018ko uzt. 11a, 13:54

Alkarrekineko Mendiak eta ibaiak lan taldearen ekimenez, Plazentziatarren ibaixa, garbi zegoeneko testigantzak ikusentzunezkoa ekoitzi dute Tere Guenetxeak eta Leire Gineak. Uztailaren 13an proiektatuko dute antzokian. 

Jendearen oroitzapenetan aztarka eginez, ibaia garbi zegoen garaiko testigantzak jaso dituzte ikusentzunezkoan: “Ahalegindu gara hainbat belaunalditako lekukoak topatzen, modu batera edo bestera ibaiarekin harreman estua izan dutenak. Ikuspegi orokor bat eman nahi genuelako”, dio Tere Guenetxeak. Guztira, hogeita bat herritar elkarrizketatu dituzte.

Federiko Eguren

 “Errekia zan oso aberatsa eta zeguan danetikan: aingirak, barbuak, loinak, eskailuak, sarbuak, kangrejuak… Nik jentia igarixan ezagutu izan dot eta zubittikan peskan, barbutan”

Benita Galarraga

“Plazentzian ibaixa inportantia zan. Guk ez geunkan beste ezer jolaserako, oin ez daukena. Oingo umiak asko jakingo dabe baina neri pena emoten doste”

Jose Francisco Aizpuru "Atxito"

“Akordau jakun zirkua egittia Islan (Gabolatsen): “Circo estrella”. Don Luis Calonge be etorri zan behin”

Txaro Lete

“Harpasuak egoten ziran labanak eta jausten zanari kantatzen jakon: Amamurgil zeinendako? Maritxundako!”

Plazentziatarren bizimoduaren ardatza

Ibaian egiten ziren jarduera ugariren berri jaso dute ordubete pasatxoko ikusentzunezkoan; besteak beste: arrantza kontuak, txanalak, bainuak eta igeriketa, erropa garbitzea (labaderoak), jolasak (zirkoa, paitta harrapatzea, kukaina…), errota eta zentralak (Sologoen eta Malmero) aipatu dituzte. Leire Ginearen esanetan, “guzti horrek erakusten du, garai batean, plazentziatarrek ibaiarekin zuten harremana oso estua zela. Ibaia plazentziatarren bizimoduaren ardatza zela”.

Hizkuntza ondare aberatsa

Ibaiaren inguruko kontuak izendatzeko hizkuntza ondare aberatsa ere aurkitu dute Guenetxeak eta Gineak. Batetik, leku-izenen sorta ugaria: Hirukurutzeta, Igarate, Olako Osiña, Maxpe, Maala, Kolarra, Zubipea, Ugarrezia, Igareta... Eta bestetik, igeriketa, arrantza edo urari lotutako jarduerak eta objektuak izendatzeko berba-zerrenda luzea: “amamurgil”, “tapakua”, “alatian”, “urakapin”, “arrazixa”... Hurrenez hurren, Javier Elorzak ibaiaren toponimiaren inguruan eta Ramiro Larrañagak Plazentziako berben gainean egindako azterlanak izan dituzte iturri nagusi.

Proiekzioa

Uztailak 13, barikua

19:00etan

Antzokian

(Sarrera debalde)