Nondik sortu zen dokumentala egiteko asmoa?
Alkarrekineko Mendiak eta Ibaiak lan-taldean somatu zen beharra herriko espazio naturalen erabilera herritarrengana gerturatzeko eta hainbat proposamen egin ziren: Mutxaneko potzura bidea egitea, dolmenen ibilbidea indartu eta indusketak egitea… Proposamen horien arteko bat izan zen ibaiaren inguruko lekukotasunak batzea.
Zein izan da helburua?
Ibaia oso garrantzitsua izan da plaentziatarrendako, baina denborarekin garrantzi hori galtzen joan da. Pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela memoria kolektibo hori, ahal dugun neurrian behintzat, jaso eta zabaltzea, batez ere gazteen artean. Ibaia zer izan zen ezagutzea lagungarri izan daiteke etorkizunean, ibaia berriz aisialdi gune eta espazio natural moduan berreskuratzeko. Hau, bide horretan emandako pauso bat besterik ez da.
Zer da testigantzetan jaso duzuena?
Bazela kultura eta bizimodu oso bat ibaiaren inguruan ardazten zena. Plazentzia ibaiari begira bizi zen herria zen. Ibaian egiten zuten arrantza, txaneletan nabigatzen zuten, labaderoetan garbitzen zuten arropa, ibaiko uretan bainatu eta garbitzen ziren, jolas egiten zuten jaietan kukainarekin edo traineruekin, errota eta elektra-etxeetan baliatzen zuten uraren indarra…
Ezagutzen zenuten guzti hori?
(Tere) Ez. Ni oso gutxi joan nintzen ibaira, uste dut zela emakumeok ez ginelako horrenbeste joaten. Ostera, nire adineko mutilek kontatzen dute eurendako munduko ur parkerik onena zela ibaia.
Testigantzetan kontatu dute umetan emakumezkoak ere joaten zirela ibaira, baina, gero, nagusitu ahala, labaderoetara mugatzen zela harremana. Hori bai, labaderoak emakumeen biltoki indartsuak ziren eta funtzio soziala betetzen zuten.
50eko hamarkadatik aurrera aldatu zen dena…
Bai. Lantegiak hasi ziren sustantzia oso toxikoak isurtzen eta, ondorioz, ibaia gero eta gehiago zikindu zen eta poliki-poliki jendeak ibaira joateari laga zion, arriskutsua bihurtu zelako. Harrezkero, ibaiari bizkarra emanda bizi izan gara, oraintsu arte.
Orain piraguei begira egoten gara!
Bai, eta gaztetxoen artean sekulako arrakasta dute gainera. Orain dela urte batzuetatik hona ibaiak hobera egin du, araztegiak eraiki dira eta ur zikin gehienak bideratu. Urak garbiago etorri direnean arrainak ugaritu egin dira eta umeak ere ikusi ditugu piraguetan, baina, zoritxarrez, otsaileko zianuro isuriak erakutsi du zela gauden oraindik.
Zuen ustez zer neurri hartu behar litzateke etorkizunean?
Lehenik eta behin bideratzeko falta diren ur zikinak bideratu behar lirateke: kiroldegiaren pareko ur zikinen desaguea, Galvanizados Arrate… Eta isuriren bat dagoenean, jarrera gogorragoak hartu, bai herritarron aldetik eta baita udalaren aldetik ere. Gaur egun eskandalu bat da halako isuriak gertatzen jarraitzea eta zigorrik barik gelditzea.