Iñaki Ruiz Mendi Lasterketari buruzko "balorazio positiboa" egin dute

Ubane Madera 2018ko uzt. 10a, 08:49

Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa antolatzaileetako eta boluntarioetako batzuk.

“Balorazio positiboa” egin dute Iñaki Ruiz Mendi Lasterketako VII. Edizioko antolatzaileek aurtengoak emandakoari buruz. “Parte-hartzaileak gustura” egon zirela diote eta “lasterketa ondo joan” zela. Hori bai, parte-hartzaile aldetik kopurua gutxitu egin dela-eta, datorren urtera begira hura handitzeko “gauza batzuk pentsatzen” badabiltzala aditzera eman dute.

"Lasterketa ondo joan zen. Hori bai, parte-hartzea jaitsi egin da, 65 lagun helmugaratu ziren. Eta datorren urteei begira bagaude pentsatzen gauza batzuk parte-hartzea igotzeko. Ikusten ere, orain arteko urteetan baino jende gutxiago egon zela igarri genuen. Hala ere, parte-hartzaileen balorazioa ona izan da. Urtero galdetzen diegu. Joan den urtean irabazi zuen bera etorri da eta aurten ere irabazi egin du. Jendea orokorrean gustura egoten da. Aurten, akaso, beroarengatik kexu ziren apur bat, baina ibilbidea oso polita dela diote, anoak ondo egon zirela eta antolakuntza aldetik ez da egon arazorik”.

 Berba horiekin baloratu du, oro har, domekan gauzatutako lasterketa Koldo Azkorbebeitiak, lasterketaren antolatzaile den Soraluze, mugituz! ekimeneko kideetako batek.

Neska gehiago

Halaber, hark modu positiboan baloratu du neska parte-hartzaileen kopurua igo izana: “14 izan ziren neskak. Datu positiboa da hori, nesken parte-hartzea gora doalako, eta zorionez, aurten soraluzetar batek ere parte hartu du: Cris Jacasek”, esan dio Plaentxia.eus atariari.

Bukatzeko, anekdotatxoa izan zutela ere kontatu du Azkorbebeitiak, behi batzuek ia ihes egin zutela-eta: “Behi batzuekin arazo txikia izan genuen; ia bidera ihes egin zuten. Lortu genuen ihes ez egitea eta gero behien jabeari lagundu zitzaion behiak bere lekura bueltatzen. Ze guk zabaldu eta itxi egiten ditugu erromarak lasterketa hasi eta bukatzean, baina bien bitartean, zaintzen egon beharra dago”, esplikatu zuen.