Dagoeneko 70 lagunek eman du izena Iñaki Ruiz Mendi Lasterketarako

Ubane Madera 2018ko uzt. 6a, 09:10

Urko Azkorbebeitia iazko lasterketan. argazkia: Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa.

Domekan, San Andresko jaien bigarren egunean egingo da zazpigarren urtez Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa. Dagoeneko 70 lagunek eman du izena Kirolprobak web orriaren bitartez, baina gehiago espero dituzte: “Azkeneko urteetan, domekan bertan 20-30 lagun apuntatu izan dira, beraz, aurten ere 90 bat lagun espero ditugu”, adierazi du Koldo Azkorbebeitiak, lasterketaren antolatzaile den Soraluze, Mugituz! ekimeneko kideetako batek.

Hain justu, domekan bertan izena eman nahi dutenendako 30 dortsal gorde dituzte. 08:30etik 09:15era bitartean izango da horretarako aukera eta 15 euro da ordaindu beharrekoa. 

Oro har, goizean goiz hasiko dira korrikalariak San Andres auzora bertaratzen. Izan ere, beranduen jota 09:30erako bertan egon beharko dute, lasterketa 10:00etan abiatuko delako.

Izena eman dutenen artean, oraingoz 12 dira soraluzetarrak; eta 12 dira, baita ere, izena eman duten neskak. Eta horien artean, aurten soraluzetar bat ere animatu da: Cris Jacas.

Bi ordu Atxolinerako

21 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote lehiakideek. San Andres auzoko frontoitik irtenda, Soraluze-Elosua parke megalitikoan gora eta behera egingo dute. Pagobedeinkatu, Artzaintxaboleta eta Pol-Pol puntetatik igaro ondoren, lasterketako punturik gorena hartuko dute Irukurutzetan. Ondoren, beherantz abiatu beharko dira Atxolin eta Karakate pasatu eta San Andresen irteerako leku berdinean amaitu arte.

Hori bai, Azkorbebeitiak gogorarazi du Atxolinen bi orduko denbora dagoela bertatik pasatzeko, “hau da, Atxolinen 12:00etarako pasatzen ez dena goitik behera bidaltzen dugu ze bestela lasterketa larregi luzatuko litzateke. Asko jota hiru ordu daude lasterketa gauzatzeko”.

Boluntario ugari lanean

Edozein modutan, korrikalariak ez dira bakarrik egongo erronkari aurre egiteko. Bidea seinaleztatzen eta bestelakoetan 30-40 lagunek jardungo du lanean. “San Andres elkarteak ere laguntzen digu”, dio Azkorbebetiaik, eta, jakina, bidean ere izango dituzte zale eta lagun ugari, animatzen.

Sariak

Sariei dagokienez, lehen hiru postuetan sailkatzen diren neskei eta mutilei eta sailkatzen den Soraluzeko lehen mutilari eta lehen neskari sari bana emango diete. “Sariak ez dira ekonomikoak, gastronomikoak, baizik. Lehenengoendako Txurruka jatetxean bi lagunendako bazkaria, eta bigarrenendako, hirugarrenendako eta Soraluzekoendako, ardoa eta gazta”.