Nabarmentzeko modukoa da zapatuan egingo duten azoka. Alex Gartziak, San Andresko jai batzordeko taldekideak, azaldu duenez “Nahiko genuke partekatu bizirik gaudela eta kaletarrak eta baserritarrak elkartzearen alde gaudela, nahiko genuke harremanak indartu. Eta ondo dator azoka herritarrendako, horrela ikusi ahal dutelako gutxi-gorabehera auzoko baserritarrek ze jarduera egiten dituzten”.
Hark emandako xehetasunen arabera, 10:00-14:00ak bitartean egingo den azoka eta auzoko animaliekin batera, bestelakoak ipiniko dituzte ikusgai: “Osuma-gain baserrikoek landareak eta senda-belarrak ipiniko dituzte; Kortak arotzeriako erremintak erakutsiko ditu, oso bilduma ikusgarria dauka, eta hark esplikatuko du zertarako erabiltzen den erreminta bakoitza eta zela zaintzen diren. Etxebarri baserrikoek loreak eramango dituzte eta etxeko tresnak eta bestelako tramankuluren bat edo beste (artoa ehotzekoa…). Bestalde, animalien postuak jarriko dituzte Obe, Barrenetxe, Itsasoi, Arizaga, Uskate eta Osuma baserrikoek, horiek behiak eta txahalak eramango dituzte. Zabaletak eta Iriarte-gain baserriek, berriz, ardiak eramango dituzte; Guenetxetxokoek astoa astakumearekin eta muntako behorra; Osintxuko Kakua anaiek eta Osumazpik pottokak eramango dituzte. Horretaz aparte, Osumazpikoek gozogintzako produktuak ere eramango dituzte. Barrenetxekoek hegaztiak eta txerriak, eta Arizagakoek baserriko ortuariak, ogia eta baserriko produktuak eramango dituzte.
Umeendako tailerrak
Azoka egunean, gainera, herriko umeak bertaratzeko irteera antolatu du Soraluzeko Mendi Taldeko Ume eta Guraso Taldeak. 09:00etan Plaza Berrian elkartu eta joango dira oinez San Andresera. Irteera, baina, ez da ibilaldi soila izango, eta gainera zabalik izango da mendi-taldeko kide ez direnentzat ere. Taldeko Itziar Agirrek eman ditu xehetasunak: “Desberdin egitearren, ibilbidea honakoa izango da: hemendik, Olara, handik Txurrukazpira eta handik San Andresera. Gainera, umeei emango zaizkie sendabelarren gaineko fitxak eta bidean joango dira sendabelarrak topatzen. Gero, azokan egongo da sendabelarrekin osatutako postua, eta bertan erakutsiko diete bakoitza zer den, zertarako, zela erabiltzen den… Esteban Laskurainek esplikatuko die hori guztia”.
Horrez aparte, umeek aukera izango dute tailerretan parte hartzeko: sendabelarren gainekoaz aparte, landareak zela sartu erakustekoa ere izango da, eta landarea gero etxera eramateko aukera izango dute; bestalde, taloak egiteko tailerra ere izango da. Horri buruz zera adierazi du Agirrek: “Talo postuan, bakoitzak egingo du bere taloa txorizoarekin jateko. Gainera, jolasak egingo dituzte baserri mundua eta erremintak-eta ezagutzeko”.
Azokaren bueltan, bestalde, bertsotan jardungo dute Mañukortak eta Telleriak, eta musikaz alaituko dute giroa Argateburu eta Mendotz trikitilariek.
Berez, goizerako plana da mendi-taldeak antolatu duena, baina luzatzeko aukera ere izango da: “Han mahaiak egongo dira, eta nahi duena gera daiteke bazkaltzen. Etxetik eramandakoa edo bertan erositakoa”, hala azaldu du Agirrek.
Arratsaldean pelota partiduak
Izan ere, zapatu arratsaldean ere izango da zertaz gozatu San Andres auzoan. Batetik, Asierren eta Iñakiren Omenezko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute: Josu Unanue eta Jurgi Rasconek Andoni Calles eta Ion Gallastegiren kontra. Gero herri-afaria egingo dute, eta, ostean, erromeria Ansorregi, Larrañaga eta Lutxurdiorekin.
Domekan kirola nagusi
Eta domekari dagokionez, berriz, kirolek izango dute nagusitasuna egun horretan: Iñaki Ruizen omenezko lasterketaz aparte (xehetasunak kiroletako orrietan), emakumezkoen pilota partiduak izango dira domekan, eta bailarako harri-jasotzaile saria ere jokatuko dute (18:30ean); Mikel Lopetegi Urra, Gorka Etxeberria, Josetxo Urrutia eta Imanol Albizu Goikoetxe ibiliko dira nor baino nor lehian. Bola txapelketa ere izango da, jakina, San Andres auzoko bolatokian.