plaentxia.eus

Abian da EuskarAbentura espedizioa

  Euskara

Atzo, uztailak 1, EuskarAbentura espedizioa osatzen duten 140 lagunak – 16-17 urte bitarteko 110 gazte eta 30 helduz osatutako lan-taldea – Maule-Lextarren batu ziren abenturari hasiera emateko. 

Abian da EuskarAbentura espedizioa
Espediziokideak atzo, Maulen. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko eta diasporako hamaika txokotako ​16-17 urte bitarteko ​110 gazte batu dira taldera. Gazteen gehiengoa, ​%43, bizkaitarra da (48 gazte), ​%21 nafarra (23 gazte), ​%19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta ​%13 Arabatik (14 gazte). ​Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorri da eta ​diasporatik bi​; bat ​Washingtondik eta bestea ​Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, ​72 neska eta 38 mutil​. Parte hartzeko proiektu bat egin behar izan zuten, eta lan onenen egileak dohainik ari dira parte hartzen espedizioan.

Datozen egunetan, Euskal Herria zeharkatuko dute Done Jakue bidea jarraituz, hiriburu guztiak eta UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuz. Getxo izango dute helmuga, uztailaren 31n.

Elkar ezagutzeko dinamikekin izotza urtzen hasita, espedizioaren kamiseten banaketak kolorea erantsi zion taldeari, laranja bizia gazteen artean, eta urdin argia helduentzako. Arratsaldean herriko plazarako bidea hartu zuen espedizioak, herritarren harridurarako; irribarreak eta agurrak nonahi. 

Gaur eta bihar, Iparraldean

Gaur 08:30ean lehen etapari ekingo dio taldeak; 21,2 km eta + 700 metroko desnibela du aurretik. Andurain gaztelua atzean utzita, Ühaitzandi ibaiak zehaztuko du norabidea hasieran. Aurrera egin ahala bidean ez galtzeko Muskildi herriko Popol Bosq eta Onizepeako Francoise Camus bidalgun izango dituzte.
Jutsira iristean, espedizioaren antolaketarekin jarraituko dute, gazteei askotariko protokoloak azalduz.

Bihar EuskarAbenturak Iparraldeko lurretan barna jarraituko du Donibane-Garazirako bidean, eta etzi, uztailak 4, Pirinioak zeharkatuz Nafarroa aldera iritsiko da, Done Jakue bidea jarraituz Orreagaraino.
EuskarAbentura espedizioa uztailaren 31ra arte luzatuko da eta Getxon (Bizkaia) bukatuko da ​483 kilometro oinez eta orotara 783 km egin eta gero; bidean, dozenaka bidelagun egin eta milaka esperientzia jaso ondoren.

EuskarAbentura

EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik gabeko elkarteak sortutako ekimena da. Euskal Herriko txoko desberdinetako 10 gaztek osatzen dute elkartea eta ia hiru urte eman dituzte egitasmoari forma ematen, borondatez.
Espedizioa aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da hainbat erakunderen laguntza: Akitania-Euskadi-Nafarroa, Euroeskualdea, BBK, Euskaraldia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiko, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa… besteak beste. Euskarabentura Elkarteak abentura jarraitzeko eta elkarrekin gozatzeko gonbidapena luzatu nahi du.

Informazio gaurkotuena sarean egongo da eskura: euskarabentura.eus webgunean eta Facebook, Twitter eta Instagram-en @euskarabentura profilak jarraituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa