Plaentxi Pride eta Ez zarala enterau? Korner Moreakuak Plaza Berrixan egongo dia 7:30an. Gora gu! moduko esaerekin dabil Korner Morea elkarte feminista gaurko elkarretaratzerako mezuak partekatzen, ekainaren 28a, Harrotasunaren Eguna dela aldarrikatzeaz batera.
Soraluzeko Udalak, berriz, ortzadarraren koloreak dituen bandera eta Ez itzazu diskriminatu eta mugatu izateko, egoteko, desiratzeko, maitatzeko… dauden modu desberdinak dioen pankarta balkoian zintzilikatu eta adierazpen instituzionala argitaratu du.
Urte osora
Laburbilduz, azken horrek LGTBIQ kolektiboaren askatasuna eta eskubideak defendatu eta aldarrikatzen ditu eta bide horretan, berretsi egiten du “askatasun sexualen, berdintasunaren eta eraso matxista eta homofoboen kontra lanean diharduten Korner Morea bezalako elkarte eta kolektiboei bere laguntza” eskainiko dietela.
Eta baita ere “herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak” bultzatuko dituela eta “LGTBIQ kolektiboa bistaratzeko geroz eta gune gehiago” egokituko dituela, “eguneroko paisaiaren parte izan daitezen eta aldarrikapena urte osora zabaltzeko”.