Korner Morea elkarte feministako kideek, Parekidetasun batzordeko udal ordezkariak eta hainbat herritarrek margotu zituzten Iturburu pasealekuko bi jarleku, zapatu eguerdian. “Beste biak udal langileek margotuko dituzte datozen egunotan”, esplikatu zuten.
'Bagara, bagaude, bagoaz'
Musika eta hamaiketakoa lagun, LGTBI+ Kolektiboaren koloreak oinarri, jarlekuak koloreztatu, eta honako esaldia ere idatzi zuten, jarleku batean hasi eta bestean bukatuta: Bagara, bagaude, bagoaz. Berau da, hain justu, LGTBI+ koletktiboak aurtengo Harrotasun Egunerako aukeratu duen leloa.
Oro har, hiru hitzordu egin dituzte aurtengo ekainaren 28aren bueltan. Zapatukoa bigarren ekimena izan zen. Azkena, berriz, oraingo asteko eguenean izango da, Harrotasunaren Egunean bertan. Elkarretaratzea deitu dute, Plaza Berrian, 19:30ean.