Hilabeteko etenaren ondoren, berriz podiumean

Ubane Madera 2018ko eka. 27a, 15:38

Ander de Luis Irimoko lasterketaren ondoren, gainontzeko saridunekin.

Pozik dago Ander de Luis korrikalaria asteburuan lortutakoarekin: hirugarren helmugaratu zen Irimora Igoera lasterketan, Urretxun. Lorpena bereziagoa da oraingoan, gainera, hilabeteko etenaren ondoren lasterketatara bueltatuta lortu duelako podiumera igotzea.

Lau kilometroko lasterketa egin du oraingo honetan Ander de Luis korrikalari soraluzetarrak. Motza baina gogorra, 650 metroko desnibel positiboa zuen ibilbideak, eta gainera bero handia egin zuen Irimora Igoera lasterketaren XXXVIII. edizioan. Gainera, 12:30ean abiatu ziren korrikalariak.

Soraluzekorako "gogotsu"

Zailtasunak zailtasun, hirugarren postuan helmugaratu zen Ander de Luis, 00:16:26ko denbora eginez, lehenengoarekiko minutu eta 11 segundora. Eta bereziki garrantzitsua da emaitza on hori, hilabeteko etenaren ondoren lasterketetara bueltatu eta emaitzak erakusten duelako indartsu dagoela.

Orain dagoeneko Soraluzeko lasterketan pentsatzen dabil De Luis, Iñaki Ruizen omenezko lasterketan, hain justu; bertan parte hartzeko “gogotsu” dagoela adierazi du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.