Herritarren beharrak "jardun politikoaren erdigunean" jarri dituztela azpimarratu dute sozialistek

Ubane Madera 2018ko eka. 26a, 09:28
Atxuriko igogailua ipintzeak ingurukoei egiten dien "mesedea" nabamendu du Soraluzeko PSE-EEk.

Soraluzeko alderdi sozialistak legealdiaren balorazioa egin du. Bereziki nabarmendu dituzte euren erantzukizunekoak diren alorretan landutako hainbat proiektu, balioan jarriz PSE-EEk Udal Gobernuari egin dion “ekarpena”. 

Iñaki Rubio eta Patricia Borinaga sozialistek diotenez, "ekarpen" horrek ahalbidetu du “desberdinen arteko fruitua den adostasunari esker” eratutako Udal Gobernuak “benetan garrantzitsua” dena egin  ahal izatea: “Udalerriko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetu, eta herritarren beharrak jardun politikoaren erdigunean jartzea”. 

Balorazio orokor modura, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak urteotan aurrekontuan izandako “egonkortasuna” eta hainbat ekimen “parte-hartzaile” abiarazi izana jarri ditu, bereziki, balioan. Ekimen parte-hartzaile horien emaitzak “begi-bistakoak” direla azpimarratu du hark; halaber, ludoteka eta gaztelekua handitzea edo Estaziñoko parkea gauzatu izana.

Zentzu horretan, halako egitasmo gehiago ere martxan daudela ekarri du gogora Borinagak; adibidez, Mapa Morea, Harrera proiektua edo umeen eta gazteen beharren gainean Lorratz elkartea egiten dabilen diagnostikoa.

Atxuriko igogailua eta beste

Obren atalean, berriz, bereziki nabarmendu dituzte Atxuriko igogailua ipini izana, Olaldeako Plan Berezia zein udalerrian txakurrendako eraiki den lehen parkea. Eta baita ere, abian diren bestelako proiektu batzuk, halanola: Errebal kaleko urbanizazioa, Ezoziko futbol zelaira bidearen argiztapena, Arrizabalaeta parkearen zaharberritzea edo Alejandro Calonge kalean eskaileren ordez arrapalak ipintzeko laster abiaraziko dituzten obrak.

Egunotan etxez etxe banatuko duten 8 orriko aldizkaria baliatu dute sozialistek legealdiaren balorazioa egiteko. Halako 2.000 ale banatuko dituzte, hain justu ere.