Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Olaldea bisitatzen izan ziren

Ubane Madera 2018ko eka. 19a, 12:37
Eusko Jaurlaritzako eta Soraluzeko Udaleko ordezkariak kontzejupean, atzo.

Soraluzeko Udalak gonbidatuta, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako eta Etxebizitza sailetako ordezkariak udalerrian izan ziren atzo. Udal Gobernuaren helburua zen Jaurlaritzari Olaldeako Plan Bereziaren berri eman eta esparru hura garatzeko bi erakundeen arteko elkarlana lortzeko aukerak lantzea.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburu-orde Arantza Leturiondo soraluzetarra, sail bereko zuzendari Nacho de la Puerta eta Etxebizitza saileko Pedro Jauregi sailburu-ordea eta Pablo Garcia Astrain zuzendaria Soraluzen izan ziren atzo, astelehena. 

Olaldeako plan berezia oinarri, Udal ordezkariekin (Iker Aldazabal alkatea (EAJ-PNV), Patricia Borinaga alkate-ordea (PSE-EE) eta Roke Akizu zinegotzia (EH BIldu)) batzarra egin zuten lehenengo, eta haren ondoren, Olaldea inguru  bera bisitatu zuten. 

Laguntza

“Esplikatu genien Olaldeako plan berezia eta konpromisoa hartu genuen plan berezia erredaktatu zuen taldearekin (Santiago Peñalba arkitektoaren taldea) hura berrikusteko. Bisitaren helburua zen aukera aztertzea ea Eusko Jaurlaritzak lagundu dezakeen esparru hura garatzen, Soraluzeko Udalarekin elkarlanean”, esplikatu du Patricia Borinaga zinegotziak.  

Alegazio epean 

“Nahi genuena zen Olaldea ezagutu dezaten eta ikustea gu (soraluzetarrak) zela gauden. Gure aldetik, guk etxeko-lanak egin ditugu: Olaldeako Plan Berezia erredaktatzea. Horrek 36.000 euroko kostua izan du. Orain, Plan Berezia alegazio epean dago, eta alegaziorik ez balego, onartutzat emango dugu. Behin hori eginda baina, Udalak ez du baliabiderik esparru hura garatzeko, eta horregatik Udalaren gaindiko administrazioen atea jo behar da”, gaineratu du Iker Aldazabal alkateak.  

Olaldeako Plan Bereziak, besteak beste, aurreikusten ditu babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatuak eta etxebizitza libreak eraikitzea esparru hartan. Eta baita aisialdira bideratutako esparruak garatzea ere.

Hasierako harremana egin dute, bada, bi erakundeek. Eta oraingoz, harremanarekin segitzeko asmoa erakutsi dute.