Bidegorrian komunak eta garraio publikoan hobekuntzak eskatu zizkieten, besteak, beste, Diputazioko ordezkariei

Ubane Madera 2018ko eka. 19a, 11:18
Joseba Muxika Itxaropena elkartean, aurrekontuei buruz berbetan atzo. Argazkia: Patricia Borinaga.

Bidegorrian zerbitzu berriak ipintzea, Mendiolan biribilgunea eraikitzea eta garraio publikoaren maiztasuna handitzea eskatu zieten Itxaropena elkartean bat egin zuten erretiratuek Gipuzkoako Diputazioko ordezkariei atzo iluntzean egindako topaketan.

Joseba Muxika Herritarren Partaidetzarako Zuzendaria Itxaropena Erretiratuen Elkartean izan zen atzo, astelehena.

Bertaratu ziren erretiratuei esplikatu zien Diputazioko aurrekontuen gaineko nondik norakoak, eta baita ere, erakundearen eskumenak zeintzuk diren. Horren ondoren, bertaratutakoen eskaerak eta ekarpenak jaso zituzten Diputazioko ordezkariek.

Komunak eta jarlekuak 

Horietako batzuk bidegorriarekin lotutakoak izan ziren. Adibidez, bidegorrian komunak ipintzeko eskatu zioten Diputazioari.  

Gai horrekin lotuta, aipagarria da eskaera bera 2009an bideratu zutela Batzar Nagusietara eta 2011n txostena egin zutela. Txosten haren arabera, ez zen beharrezko ikusten bidegorrian komunik ipintzea, herri arteko distantzia ez delako handia.  

Hori horrela, Soraluzeko erretiratuek eskaera berriro ere baloratzeko eskatu zioten Diputazioko ordezkariari bereziki, Soraluzeko bidegorriaren erabiltzaileak pertsona nagusiak direlako. Horrez aparte, bidegorrian jarleku gehiago ipintzea ere eskatu zuten. 

Eta eskatu zuten, baita ere, Soraluzeren eta Maltzagaren arteko bidegorri zatia eraikitzea. 

Biribilgunea eta garraio publikoa 

Bestalde, erretiratuek helarazi zioten Diputazioari, baita ere, Mendiolan biribilgunea egiteko aukera azter zezala; garraio publikoaren maiztasun handiagoa eskatu zuten; eta besteak beste, Diputazioko ordezkariekin partekatu zuten geroago eta eragin handiagoa dutela basurdeek inguruan, bereziki, geroago eta sarriago jaisten direlako haiek baserri inguruetara eta ortuetan-eta kalteak eragin.

Erretiratuez aparte eta Diputazioko ordezkariez aparte, atzoko topaketan izan ziren baita ere, Patricia Borinaga Osasun eta Gizarte Ongizateko zinegotzia eta Iker Aldazabal alkatea.