Atxotegi eta Bolinaga txapeldun!

Ubane Madera 2018ko eka. 18a, 12:04
Ibai Bolinaga eta Aitor Atxotegi, Debarroko Pilota Txapelketako irabazleak, 2018. Argazkiak: Josu Bilbao (Goiena Komunikazio Taldea)

Aitor Atxotegi eta Ibai Bolinaga, Soraluze Pilota Elkarteko pilotariak dira Debarreko Pilota Txapelketako aurtengo txapeldunak. 22-6 irabazi zuten zapatuko partidua, Bergarako bikotearen kontra. Hori gutxi ez, eta Aitor Atxotegiri eman zioten partiduko pilotaririk onenaren saria. “Partidu oso ona” egin zutela kontatu du Atxotegik. 

“Oso gustura” daude Soraluzeko taldekideak erdietsitakoarekin. Eta ez da gutxiagorako. “Partidu ona” egiteaz aparte, bosgarren urtez jarraian ekarri dute Debarroko Pilota Txapelketako garaikur nagusia Soraluzera.

 

Alde handia 

“22-6 irabazi genuen eta partidu oso ona irten zitzaigun biori. Hasierako 3-4 tantoak nahiko piloteatuak izan ziren, baina gero ja erremateetan asmatu eta alde handia lortu genuen. Horrelakoetan pasatzen den bezala, aurretik goazenok geroz eta konfiantza gehiagorekin eta besteak alderantziz, geroz eta urduriago”, kontatu du Aitor Atxotegik zapatuan jokatutako partiduari buruz. 

Eta horrela, eurak indartsu eta kontrarioak geroago eta makalago, kale egin barik, tantoak batzen segitu zuen Soraluzeko Pilota Elkarteko bikoteak, harik eta 22-6 irabazi zieten arte Bergarako Muguruzak eta Oterminek osatutako bikoteari.

Pilotaririk onena 

Soraluzeko ordezkariak, jakina, “oso gustura” daude lortutakoarekin. Are gehiago Aitor Atxotegi, bera izendatu zuten-eta, partiduko pilotaririk onena. Beraz, sari bikoitzarekin etxeratu ziren Arrasatetik Soraluzeko pilota elkartekoak.  

Txapela eskuetan, dagoeneko hurrengo hitzorduei begira jarrita dabil Aitor Atxotegi: “Jaietako partiduak izango dira gehienbat. Oraingoz Antzuolako eta Plazentziako jaietan jokatu behar dut”, jakinarazi du Atxotegik. 

Erlazionatuak