“Gogorra izango da, baina esperantzarekin gaude. Ligaxka denez, jokatu izan dugu Muguruzaren eta Oterminen kontra, eta aurreko partidua irabazi egin genuen; baina hura etxean jokatu genuen eta orain partidua kanpoan da, eta gainera Arrasateko frontoian”, esan du Aitor Atxotegik tentuz.
Bost aldiz jarraian
Edozein modutan, finalera iritsi dira, eta jakina, irabazteko aukera izan badute. Hori lortuz gero, bosgarren urtez jarraian eskuratuko luke txapela Atxotegik; eta jarraian izan ez arren, guztira, sei bider irabazi du soraluzetarrak txapelketa, bikote batekin ala bestearekin.
Hirugarren partidua
Finalak zapatuan dira, 17:00etan hasita Uarkapen. Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotariek hirugarren partidua jokatuko dute, senior edo nagusien mailan. Izan ere, euren aurretik finala jokatuko dute kadete mailako eta jubenil mailako pilotariek.
70 urte
1948an jokatu zuten lehenengoz Debarroko Txapelketa, Aretxabaletan –lehenengo urteetan Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Arrasatek antolatzen zuten, txandaka– eta izena ematen zuten pilotariek garbantzu platerkada izaten zuten El Burgales jatetxean. 1948ko torneoa Arrasateko Garitanok eta Uribarrenek irabazi zuten; finalean Aretxabaletako Elortondo eta Ezpeleta izan zituzten aurrean. 1980a ezkero, kategoria txikiek ere jokatzen dute.