Asko jota 120 korrikalarik parte hartu ahalko du Iñaki Ruiz Mendi Lasterketan

Ubane Madera 2018ko eka. 13a, 12:44
Urko Azkorbebeitia soraluzetarra mendian gora, iazko lasterketan. Argazkia: Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa

Zabaldu dute Iñaki Ruiz Mendi Lasterketarako izena emateko epea. 21 kilometroko ibilbidea du uztailaren 8an egingo den lasterketa horrek. Asko jota 120 korrikalarik parte hartu ahal du lasterketan. Aurtengo edizioa Soraluze, mugituz! ekimenak antolatuko du.

Aurten, Iñaki Ruiz Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa egingo da, uztailaren 8an jokatuko dena. Eta izena emateko bi bide izango dira: kirolprobak.com web orria baliatuta eta 8 euro ordainduta, edo egunean bertan, goizeko 08:30ak eta 09:15 bitartean San Andres auzoko frontoian. Iragarri dutenez, horretarako 30 dortsal gordeko dituzte. Egunean bertan izen ematearen kostua 15 eurokoa izango da.

Ibilbidea

Mendi lasterketa horrek San Andres auzoan ditu irteera zein helmuga. Hain zuzen ere, 1.000 metroko desnibel positiboa dauka eta ibilbideak Soraluzeko mendi-gaina zeharkatzen du, bertako mendi tontor garrantzitsuenetatik pasatuz.

San Andres auzoko frontoitik irtenda, Soraluze-Elosua parke megalitikoan gora eta behera egingo dute korrikalariek. Pagobedeinkatu, Artzaintxaboleta eta Pol-Pol puntetatik igaro ondoren, lasterketako punturik gorena hartuko dute Irukurutzetan. Ondoren, beherantz abiatu beharko dira Atxolin eta Karakate pasatu eta San Andresen irteerako leku berdinean amaitu arte.

Iazko marka: 1:41:33

Iaz, Juan Rodriguez Medina (Miranda de Ebro) izan zen helmugara iristen lehena, 1:41:33-ko denborarekin. Lehen soraluzetarra, berriz, izan zen Iñaki Goenaga Aristi, 1:48:03ko denborarekin.  

Emakumekoei dagokienez, berriz, Ana Reina Arjona lesakarra izan zen helmugaratu zen lehena, 2:09:43ko denborarekin. Ez zen Soraluzeko emakumezkorik izan korrikalarien artean.