'Emakumea eta Euskal Pilota' erakusketa ikusgai dago Bilboko Euskararen Etxean

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 11a, 16:30

Erraketistei buruzko erakusketa ikusi ahalko da Bilboko Euskararen Etxean, irailaren 15a bitartean. Erakusketa bost ataletan dagobanatuta: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa, eta hemen eta orain. 

Tresna eta testigantzen bidez, ahaztutako erraketistek XX. mendeko mundu mailako kantxetan izan zuten presentzia ekarri nahi da gogora. Antolatzaileek azaldu dutenez, "erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta euren jarduna ezagutarazi nahi du".

Erraketistak: lehen emakumezko kirolari profesionalak

Pilotak, sortu zenetik, indar handia izan du Euskal Herrian, baina, batez ere, gizonari lotuta egon den kirola izan da. Horren ezaguna ez izan arren, emakumeek ere aspaldidanik hartu dute parte pilota jokoan eta erraketa modalitatean izan dituzte lorpenik handienak. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista hauek izan direla emakumezkoen arteko arteko lehen kirolari profesionalak. 

Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa jokoak. Denbora tarte horretan hainbat berrikuntza egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak ere lehiatu ziren eurekin: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexikokoak.

Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, mugimendu kultural ¡ndartsua sortu zuen bere inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abileziaren berri eman zuten, baita El Pelotari aldizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako eta haien munduarenganako interesa.

Erakusketa Euskararen Etxean

Emakume erraketistek eta haien familiek dohaintzan emandako elementu daude ikusgai erakusketan: pilotak egiteko prentsa; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez, aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den "ia dokumentazio guztia" ikusteko. Horrela, erakusketara hurbiltzen direnek aukera izango dute ikusteko mundu mailan eta pilota arloan emakumeek urte askotan zehar izan duen garrantzia eta egin duten lana.

Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean.

Informazio gehiago: azkuefundazioa.eus