Leiho eta Balkoietako III. Lore Lehiaketako irabazle Fatima Mateok poz handiarekin eskuratu zuen atzo, astelehena, lehen saria. Hura irabazteko landutako balkoia erakusterakoan, zera kontatu du Soraluzera 16 urterekin etorri zen portugaldarrak: “Irailean neguko loreak ipintzen ditut, eta apirilean berriz, udaberri-udakoak. Bizitza osoan ibili naiz loreak zaintzen. Eta nire balkoian ez dut gehiago ipintzen ez zaizkidalako kabitzen. Egia esan, jende askok zoriondu izan nau nire balkoiak izaten duen itxurarengatik”.
"Etxe guztian ditut loreak"
Maria Lourdes Vazquezek, berriz, lehen bi edizioak irabazi ondoren, bigarren saria eskuratu zuen aurtengoan. Hark ere biziki maite ditu loreak eta harro erakutsi du lorez gainezka duen balkoia: “Urte osoan izaten ditut loreak, balkoian eta etxe guztian. Balkoia txiki geratzen zait nahiko nituzkeen lore guztiak ipintzeko. Badaukat bat, adibidez, Caballo Naira izenekoa, Galizatik ekarri dudana, oso-oso arraroa eta berezia da. Honako loreak ditut orain balkoian: menda, erruda, oreganoa, kalibralhoa, arrosak, izpilikua, caballo naira, lobeliak, margaritak, ibiscus-a, platykodona, calistemus laevisa eta surfiniak. Udaberri-udako loreak apirilean ipintzen ditut; aurten, baina, egin duen eguraldiak ez du batere lagundu nahiko nukeen moduan balkoia apaintzeko”.