Imielda Jesus Mateok (Fatimak) irabazi du lore lehiaketa

Ubane Madera 2018ko eka. 11a, 11:58
Imielda Jesus Mateo (Fatima), Iker Aldazabal alkatea eta Maria Lourdes Vazquez Barrenetxea, lore lehiaketako irabazleak sariekin.

“Oso-oso pozik nago; zerbait irabazten dudan lehen aldia da!”, esan du Imielda Jesus Mateok aurtengo lore lehiaketako lehen saria eskuratuta pozez zoratzen. Bigarren sariduna, berriz, izan da Maria Lourdes Vazquez Barrenetxea, lehen bi edizioetan lehen saria eskuratu duena.

Nahiko parekatuta egon dira lehiakideak, lehenengoa eta bigarrena batez ere. Gainera, bai batak zein besteak, urte osoan izaten dituzte balkoiak lorez beteta”, adierazi du Iker Aldazabal alkateak Leiho eta Balkoietako III. Lore Lehiaketako saridunei buruz.

150 euro eta 75 euro

Kontuak kontu, lehiaketako oinarriak kontuan hartuta (koloreak, konposizioa, originaltasuna…), aurten parte hartu duten sei lehiakideen artean honako bi herritarren balkoiak saritu ditu Soraluzeko Udalak: Imielda Jesus Mateo Ramosena (Fatima) eta Maria Lourdes Vazquez Barrenetxearena; 150 euroko saria irabazi du lehenak, eta 75 eurokoa bigarrenak. 

Gaur, astelehena, 11:00etan eman dizkie sariak bi irabazleei Iker Aldazabal alkateak. Lore lehiaketak daramatzan hiru urteetan biek ala biek parte hartu dute lehiaketan urtero; hain justu ere, Vazquez bera izan da lehen bi edizioetako irabazle. 

Sariak emanda, hurrengo lehiaketara begira herritarrak bertan parte hartzera animatu ditu alkateak: “Zenbat eta parte-hartze handiagoa izan, orduan eta politago apainduta ere izango da herria”, esan du hark, besteak beste.