Ibaiaren garbiketa, nagusiendako zerbitzuak… soraluzetarren eskaerak Diputazioari

Ubane Madera 2018ko eka. 12a, 11:25
Soraluzetarrak Diputazioari ekarpenak egiten, karpan, atzo.

Ibaiaren garbiketa, nagusiendako egoitza eta zerbitzu gehiago, enpresa txikiendako eta ertainendako diru-laguntzak eta gazteendako eta diru sarrera txikiak dituztenendako doako kultura ekimenak. Halakoak eta beste eskatu zizkioten hainbat soraluzetarrek Gipuzkoako Foru Aldundiari, 2019ko aurrekontuen prestaketan kontuan har ditzan.

Plaza Berrian karpa jarrita, haren babespean izan ziren atzo, astelehena, egun osoz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak soraluzetarren ekarpenak jasotzen, Diputazioa lantzen dabilen 2019ko aurrekontuei begira. 

Erakundeak berak gonbidatu ditu gipuzkoarrak, hain justu, “denon artean zer nolako Gipuzkoa nahi dugun erabakitzen jarraitzeko” (…) “Zure iritzia ezinbestekoa da gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko”, azpimarratu dute. 

Gazteak zein helduak 

Soraluzetarren kasuan eta gonbidapenari erantzunez, parte-hartze aldetik goiz partea motel hasi zuten arren, karpako langileek egunaren amaierarako jaso zituzten soraluzetarren hainbat ekarpen Diputazioari helarazteko, gazteenak, helduenak zein nagusienak, karpan bertan zein etxetik egindakoak.  

Oro har, Soraluzen moduan bestelako udalerri txikietan ere eskaera nagusiak izan dira Diputazioak “herri txikien xarma bultzatzeko” neurriak kontuan har ditzala datorren urteko aurrekontua lantzerako orduan.

Enpresendako laguntzak… 

Adibide batzuk jartze aldera: ibaiaren garbitasuna, garraio publiko egokia, nagusiendako zerbitzuak, irisgarritasuna bermatzea, enpresa txikiendako eta ertainendako diru-laguntzak batez ere 55 urtetik gorako langileak kontratatzeko, gazteendako eta diru sarrera txikiak dituztenendako doako kultura ekimenak bultzatzea, berdintasuna lantzeko hezkuntza ekimenak bultzatzea, lehen sektoreari laguntza gehiago ematea eta AP8a eta N1-a errepideen egoera hobetzea eskatu dituzte. 

Ekainaren 30era arte 

Horiek bada, atzo helarazitako ekarpenetako batzuk. Edozein modutan, atzo Plaza Berrian ipinitako karpan ekarpenak egin ez zituztenek aukera dute aurrekontuari ekarpenak egiteko, adibidez, internet baliatuta: wwww.gipuzkoa.eus (Aurrekontu Irekiak). Ekainaren 30era arte bidali ahal dira ekarpenak. 

Diputazioaren aurrekontuari dagokionez, berriz, 2018an 793 milioi euroko aurrekontua izan du Gipuzkoako erakunde nagusiak.