‘Gaztetako’ futboleko denborak gogoratzen

Ubane Madera 2018ko eka. 5a, 10:51

Izerditan blai bukatu zuten Soraluze Futbol Taldeko eta Eibartarrak taldeko beteranoek zapatuan, elkarren artean jokatu zuten partiduan. 0-2 galdu zuten etxekoek norgehiagoka, “baina oso gustura” ibili zirela kontatu dute.

Hezetasun eta bero handia egin zuen zapatu goizean Ezoziko futbol zelaian eta majo igarri zituzten ondorioak bertan partidua jokatzeko elkartu ziren Sorako eta Eibartarrak taldeetako beteranoek. Horregatik, eta jakina, adinak ez duelako barkatzen eta urteen eragina eta futbolean horren sarri jokatzeko ohitura eza ere igarri zutelako jokalari beteranoek. 

Aldaketa bakarra 

Larriago ibili ziren, egia esan, etxekoak: “Aldaketa bat bakarrik geneukan eta bukaeran igarri egin genuen, ze bero asko egiten zuen (…) Azkeneko 10 minutuetan sartu zizkiguten bi golak; guk ere izan genuen pare bat aukera, baina atezainak gelditu egin zituen”, kontatu du Iraultz Arluziagak, Sorako beteranoetako batek. 

Kontuak kontu, horrenbeste neke eragindako partidua amaituta, lunch ederra egin zuten Eibarko eta Soraluzeko taldeetako jokalariek. 

Irailean Lorgroñon 

Soraluze Futbol Taldeko jokalari ohiak iaz hasi ziren beteranoen arteko partiduak jokatzen, Soraren 40. urteurrenaren bueltan. Eta komentatu zuten “ondo egongo litzatekeela urtero halako partidu bat edo bi jokatzea”, esplikatu du Arluziagak. Hortik etorri zen zapatuan Eibartarrak taldeko beteranoen kontra jokatu zuten partidua. 

Eibartarrak taldearen kontrakoa jokatuta, asmoa dute aurten halako beste bat jokatzeko: irailean, Logroñoko talde baten kontra, hangoek eskatuta. Data zehazteke dute oraindik.