Raketistak: ezkutuan egon den historia ikusgarria

Ubane Madera 2018ko mai. 25a, 11:55

Raketisten gaineko dokumentalaren emanaldia, eguaztenean.

Harrituta. Horrelaxe geratu ziren Raketistak Lehen eta Orain dokumentala ikusi zuten soraluzetarrak bertan ikusitakoarekin. Harrituta, horren handia izan zelako emakume kirolari haien ekarpena, sinestezina delako gaur gaurkoz, haien berrri apenas izatea. Datu bat: eurek lortu zuten, Franco oraindik bizirik zela (1975ean) kirolariendako Gizarte Segurantza, futbolariek ere ez zutena. Bihar, zapatua, raketisten partidua izango da Soraluzen, 19:00etan.

Bide malkartsua izan zuten emakume raketistek joan den mende hasieran. Gazte-gazte etxetik joan behar, aurreiritzi ugariri aurre egin behar, matxismoa, gerra, Frankismoa… hala ere, ausartak izan ziren, tinko eutsi zioten, eta kirolarien artean eta kirolean, oro har, berebiziko garrantzia izan zuen ibilbidea egin zuten.

Eibarren hiru eskola

Datu bat: Estatuko (eta seguru aski munduko) lehen kirolari profesionalak izan ziren emakume horiek, kontratuaren truke kirolean jardun zuten lehenak, alegia. Gipuzkoan hedatu zen, batik bat, pilota modalitate hori, 41 udalerritan. Eskolak sortu ziren, emakumeak raketan trebatzeko. Eibarren, adibidez, hiru eskola izan ziren, eta Astelena frontoian entrenatzen ziren. Eurak lehenengo, gainontzekoak ondoren.

Frontoiak gainezka

Beste datu bat: 1917tik-1980ra arte iraun zuen pilota modalitate horri esker, Estatuan zein Ameriketan frontoiak ugaldu egin ziren. Are gehiago, izan ziren, baita ere, emakume raketistendako propio eraikitako frontoiak, egunez egun (egunean hainbat partidu jokatzen zituzten, arratsaldean eta gauean) ikuslez bete egiten zirenak. Apustu ugari izaten zen frontoi haietan, diru kopuru handiekin. Adibidez, Kubako frontoiak, 1922an, 1.800 ikuslerendako lekua zuen, eta gainezka egiten zuen emakume raketisten partiduetan.

Izarrak ziren

Hirugarren datua: Frankismo garaian, eurei esker biziraun zuen Euskal Herriko familia askok, eurak ziren-eta, familiako diru-iturri bakarra. Mexikon eta Kuban, esaterako, aktore-izarrak bailiran tratatzen zituzten. Eta Gary Cooper moduko aktoreen eta bestelako famadun eta dirudun askoren arreta erakartzen zuten, gaur egun futbolariek moduan. Eta gaur egun haienak moduko kromoak izan zituzten raketistek Tenerifen, esaterako.

Emakumeak gehiago 

Laugarren datua: 1952an, gehiago ziren emakume raketista profesionalak, pilotaren gainontzeko modalitate guztietan modu profesionalean zebiltzan gizonezko pilotariak baino. 

Bosgarren datua: Mexikon eta Kuban, adibidez, Espainian bestelako lanbideetan irabazten zutenaren 5-6 eta 12 bider gehiago irabazten zuten emakume haiek. 

Gizarte Segurantza

Azken datua: 1975ean, Franco oraindik bizirik zela, kirolariendako Gizarte Segurantza lortu zuten, Bartzelonako abokatu batekin horren alde borrokatu eta gero. Emakume haiei esker dute, gaur egun, Gizarte Segurantza, besteak beste, futbolariek. Dokumentalean lorpen hori eskuratu zuten abokatuaren semeak dio oraindik orain harrigarria iruditzen zaiola emakume haiek lortu zutena.   

Eta horrela, datu zerrenda amaigabea egin genezakeen emakume iraultzaile haien historiarekin eta lorpenekin. Ze horrelakoxeak izan ziren, iraultzaileak. Garaiko pentsamolde matxistari aurre eginez, 15 bat urterekin etxetik joan egin behar izaten zuten, Madrilera, Bartzelonara, Mexikora, Kubara… kontratuak egiten zizkieten enpresariek partiduak lotzen zituzten lekuetara. Eta irabazitako dirua familiari bidaltzen zioten. 

Frankismoan, debekua 

Larruzko pilotarekin jokatzen zuten, raketak apurtzerainoko indarra hartzen zutenak. Istripu fisikoak ere izan zituzten, jakina. Orduan kasko eta betaurreko babesle barik jokatzen zuten-eta.  

Emakume haiek horren aitzindariak ziren eta horrenbeste zale zituzten, ezen Frankismo garaian, Kirolen Ordezkari Nazional izendatu zuten Moscardó generalak haien partidu bat ikusi ondoren, debekatu egin zuela emakume haien jarduera; lizentzia berriak ematea galarazi zuen, eta frontoietan, raketisten partiduak (besteenak ez) debekatu egin zituen, “desegokiak” zirela esanez. Are gehiago, Espainiako Pilota Federazioaren ikurretik kendu egin zuen raketaren marrazkia, gainontzekoak bertan lagata. 

Bihar, Soraluzen 

Bada, horri ere aurre egin eta 1980ko hamarkadara arte biziraun zuten emakume raketistek. Gero, galtzen-galtzen joan zen kirol jarduera hori, orain arte. Izan ere, Jon Juanesek eta Ainhoa Palomok egindako Raketistak Lehen eta Orain dokumentalari esker, haien historia berreskuratzeaz eta gizarteratzeaz aparte, ia 40 urteren ondoren bueltatu dira raketisten partiduak frontoietara.  

Bihar, zapatua, Soraluzen dago partidu-hitzordua. 19:00etan jokatuko dute gaur gaurkoz munduko mailako norgehiagoketan jarduten duten emakume raketistek. Joan den mendeko raketisten ibilbideari jarraiki, eurendako propio sortutako raketekin, gogor astinduko dute narruzko pilota, bizi-bizi, ikusgarri. 

Lau urteko lanaren emaitza

Raketistak Lehen eta Orain dokumentalaren egileek Soraluzera egindako bisitan, berriz, (eguaztenean izan ziren, Herri Antzokian) jakinarazi zuten lau urteko lanaren emaitza dela landutako dokumentala, eta oraindik ere, herriz herriko ikustaldietan datu gehiago batzen jarraitzen dutela.  

Horren adibide, Soraluzen, Aurea Etxaniz Beitiaren berri izan zuten, eta baita beste bi raketista profesionalen berri ere. Ekimenaren amaieran, berriz, Soraluzetarren ekarpena jaso zuten, liburuan idatzita. 

Eta bide beretik segitzeko asmoa erakutsi dute. Azken batean, egileak eurak izan ziren lehenak harritu zirenak emakume raketisten historia horren ezezaguna delako. Jon Juanes egilearen ama raketista izan zen, gazte hil zen eta bere amaren eta haren moduko emakume horien historia jasota geratu dadin eta gizarteak haren berri izan dezan dabiltza orain dokumentala herriz herri erakusten eta raketsiten partiduak antolatzen.