Pello Etxeberria Lete preso ohiari bankuko diru guztia atzeman diote, 'Zerga' operazioaren baitan

Ubane Madera 2018ko mai. 19a, 10:56

Pello Etxeberria Lete preso ohia.

Guardia Zibilak ETAko 60 preso ohiren ondasunen aurka egunotan abiarazi duen Zerga operazioaren barruan Pello Etxeberria Lete preso ohi soraluzetarrari bankuan zuen diru guztia kendu diote. Bihar, domeka, elkarretaratzea deitu dute, gertatutakoa salatzeko.

Hain justu ere, bihar, 13:00etan, Plaza Berrian deitu dute protesta elkarretaratzea Guardia Zibilaren Zerga operazioa salatzeko eta gaitzesteko.  

Atzo, barikua, jabetu ziren Pello Etxeberriari kontu korronteko dirua atzeman ziotela Espainiako Barne Sailaren aginduz, preso ohi soraluzetarrak ez du-eta horren gaineko inolako jakinarazpen ofizialik jaso. Egunotan dira abokatuekin egotekoak, argitzeko noraino ailegatu den eta ailegatuko Guardia Zibilaren esku hartzea Etxeberriaren ondasunekiko.

Pello Etxeberria Lete 2012an askatu zuten, 1989az geroztik kartzelan egon ondoren, 23 urtez, beraz. 

Kontu korronteak, nominak… 

Hainbat komunikabideren arabera, dagoeneko 45 kontu korronte blokeatu ditu Guardia Zibilak eta soldatapeko 30 langileren nominetan esku hartu dute, “lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen duten zatia kentzeko”. Hainbat ibilgailu ere atzeman dituzte.

Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalera bidalitako dokumentuan dioenez, “ETA banda terroristari eta haren inguruari buruz” egiten dabiltzan ikerketaren barruan “jakin izan da ETAko kide ohi ugarik zorrak dituztela Estatuarekin, ekintza terroristetan biktimei eragindako kalteengatik eta lesioengatik ezarri zitzaien kalte-ordainengatik (…) Unitate honek egindako gestioek erakutsi dute ETAko kide ohiek eta kale borroka ekintzak egin zituzten kide ohiak, kartzelatik irten ondoren ondasunen jabe direla edo lan jardunen bat egin dutela, horiek guztiak zorrak ordaintzeko erabil daitezkeelarik”, dio, besteak beste, dokumentuak.

Elkarbizitza eta bakea 

Sare Herritarrak salatu du operazio horrek erakusten duela Estatuak “konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela”, eta “mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkako” ekintza horiek salatzeaz aparte, dei egin du “ireki berri den garai berri hau probestu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan aktibo izatera”.

"Pobrezian murgildu"

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, berriz, gertatutakoa “eraso” modura baloratu du: “Presoak kartzelan urte luzez mantentzeaz gain, bizi osorako murgildu nahi dituzte pobrezian, lan egiteko edo etxebizitza bat edukitzeko oinarrizko eskubideak urratuz”, adierazi dute, besteak beste. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.