Giza katerako herritarrak saretzera "animatzen" ditu Soraluzeko Gure Esku Dago ekimenak

Ubane Madera 2018ko mai. 18a, 09:22

Gaur, barikua, Soraluzeko Gure Esku Dago ekimenak atzera ere ipiniko du mahaia ekainaren 10ean egingo den giza-kateari begira herritarrak saretzen laguntzeko, 19:00-21:00ak bitartean . Domekan, berriz, 11:30etik 13:30ak bitartean egingo dute gauza bera. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiete Klik Egunean lagundu eta parte hartu zuten guztiei.

Hilabete baino gutxiago falta da ekainaren 10ean Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotu asmo dituen giza-katea egiteko. Soraluzeri dagokion partaidetza kopuruaren erdia baino gehiagok eman du dagoeneko izena. Hain justu, 500 herritar dagozkio Soraluzeri Elgoibarren giza-katea osatzen laguntzeko. Atzo, eguena,268 herritar zeuden saretuta dagoeneko. 

"Aurrera egiteko determinazioa"

"Argi dugu, epe luzerako elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldintza dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, inoiz baino argiago dagokigu askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarri eskua ematea. Hain justu, ekainaren 10eko giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan, aurrera egiteko determinazioa duela. Halaber, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar du mobilizazioak, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea", adierazi dute, besteak beste, Gure Esku Dago ekimenetik giza katearen garrantziari buruz.

 

Erlazionatuak