Jaia eta erabakitzeko aldarria eskutik

Egoitz Unamuno 2018ko mai. 14a, 09:34

Erabakitzeko eskubidearen aldarriak eta jaiak bat egin zuten zapatuan Gure Eskuk Dagok antolatu zuen Klik Egunean. Herritar ugarik parte hartu zuten eguneko ekitaldietan. Argazkiak: P.eus, Arkaitz Arana eta Jon Agirre. 

Euriak eta hotzak ez zuten zapuztu zapatuko jaia eta aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak burutu ziren. Hamarnaka herritarrek parte hartu zuten goizeko ginkanan, antolatzaileek jarritako probak gaindituz, tartean herriko toponimo eta iraganeko establezimenduen izenekin lotutakoak. Bazkaritan ere 150 lagun inguru batu ziren, giro ederrean, eta arratsaldeko txerri-potera jende ugari hurreratu zen. Gaueko kontzertuetan jende gutxixeago izan zen baina, hala ere, giro ona izan zen.  

Giza-katerako 250 pertsona lortuta

Ekainaren 10eko giza-katerako partehartzaileak lortzea zen zapatuko jai-egunaren beste helburuetako bat. Gure Esku Dagok jakinarazi duenez, hilabeteren faltan, Soraluzeri dagozkion parte hartzaile kopuruaren erdiak lortu dituzte; dagoeneko 250 soraluzetarrek eman dute izena. Datozen asteetan, 500 parte hartzaileetara heltzea dute helburu. 

Saskia Osintxura

Gure Esku Dagok bertako produktuekin osatutako saskia zozketatu zuen zapatu iluntzean. Zenbaki saritua 1539-a izan zen eta jabea ere azaldu zen, Maider osintxuarra.