70 lagun baino gehiagok eman du izena dagoeneko Alejandro Rodriguez Memorialerako

Ubane Madera 2018ko mai. 15a, 15:25
Jose Luque eta Jokin Martinez Alejandro Memorialaren kartelarekin, Kalebarrenen.

Domekan, Alejandro Rodriguez Momorialaren baitan egingo diren sei lasterketetarako 70 lagunek baino gehiagok eman du dagoeneko izena, maila desberdinetan. Hala ere gehiago izango dira bertaratuko diren korrikalariak. Izan ere, egunotan ere eman daiteke izena, eta egunean bertan ere izango da horretarako aukera. Lasterketek iraun bitartean, hainbat kale itxita izango dira ibilgailuendako.

Oraingoz, umeen lasterketetarako (infantilak, benjaminak eta aurre-benjaminak) 26 neska-mutikok eman du dagoeneko izena. Lasterketa mistorako, berriz, 10 lagunek eman du izena bakarka korrika egiteko eta bi bikotek bikoteka egiteko. Eta 17 urtetik gorako lasterketa luzerako, berriz, 33 lagunek eman dute izena.

Guxtira, bada, badira honezkero 70 lagunetik gora Alejandro Rodriguez Memorialean parte hartuko dutenak. Eta gehiago izango direla pentsatzekoa da, oraindik izen-ematea zabalik dagoelako eta ohitura handia dagoelako horrelako kontuak azken momentuan egiteko.

Izena non eman

Hain justu, izena emateko hiru bide daude: www.kirolprobak.com helbidean lasterketa nagusirako zein mistorako. Soraluzeko kiroldegian umeendako edo soraluzemugituz@gmail.com helbidean edo 943 75 24 66 telefono zenbakira deituta. Horrez aparte, esandako moduan, egunean bertan ere eman ahalko da izena.

Honako ordutegia izango dute lasterketek:

• 10:00etan, 10,5 kilometroko ibilbidea. (17 urtetik gora).
• 11:30ean, 2003tik aurrerakoak: 5,6 kilometroko ibilbidea (ez lehiakorra).
• 12:30ean: Infantilak: 2004-05, 1.350 metro; alebinak: 2006-07, 700 metro; benjaminak: 2008-09, 700 metro eta pre-benjaminak: 2010-14: 300 metro.

Autobusak Sagarrerrekan

Bestalde, krosa dela-eta, Soraluzeko herri barrua itxi egingo dute ibilgailuendako. Hori horrela, 10:00etatik 12:45ak arte, Bergararako noranzkoan doazen autobusak zein Mendarora doazenak Sagarrerrekako geltokian hartu beharko dira. Eibarrera doazen autobusetan, berriz, ez da aldaketarik izango.

Kaleak itxita

Era berean, jakinarazi dute 10:00etatik 12:30era honako kaleak itxi egingo direla: Ezozibidea, Gabolats, Arraikua, Estaziñoa, Ola auzoa eta Santa Ana. Hori horrela, eskatu dute bitarte horretan ez erabiltzea ibilgailurik aipatutako lekuetan.