Aurea Etxaniz Beitia, Soraluzeko raketista

Ubane Madera 2018ko mai. 12a, 11:58
Aurea beste raketista mordoska batekin. Argazkiak: Fernando Alberdi.

Joan den mende hasieran emakumezko batzuk orduko gizarteko arauak eta pentsaerak irauli zituzten. Raketistak ziren. Uste da frontoian jokatzen zuten emakume haiek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela. Eta horien artean soraluzetar bat ere izan zen: Aurea Etxaniz Beitia (Soraluze, 1922ko urriaren 4).

Aurea Etxaniz Beitia osabaren eskutik hasi zen frontoian, esku-pilotan hasi ere. Jose Etxaniz zen Aurea Etxanizen osaba eta Azkoitiko frontoiko arduraduna zen hura. Alabari eta lobari, biei erakutsi zien pilotan jokatzen, Azkoitian; hain ondo eze Fernando Alberdik, Aurea Etxanizen lobak, etxean askotan entzunda duen moduan, “12 urte ingurura arte, ez zegoen Soraluzen inor, ezta mutilik ere, esku-pilotan Aureari irabaziko zionik”. 

Pilotari primerakoa izanda, Aurea Etxaniz Beitiari parean tokatu zitzaion joan den mendeko hasiera hartan bizi izan zen testuinguru berezia: raketisten sorrera, haien gorakada eta kirol-mota horren profesionalizazioa. 

Iazko mende hasiera

1917. urtera jo beharra dago raketisten berri izateko. “Aurretik emakumeak pilotan jartzeko saiakerak egon ziren arren, Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrilera eta han jokoan jarri zituen. Egurrezko raketa sendoekin eta teniseko pilotarekin hasi baziren ere, berehala hartu zuten larruzko pilota. Frontoi txikietan abiadura ikaragarrian jokatzen zuten batere babesik gabe; espektakulua ziurra zen. Arrakasta lagun, frontoiak hedatuz joan ziren Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan. Zabalkuntza horrek pilotariak eskatzen zituen, eta horrela sortu ziren raketa-eskolak. 

Kontratudun lehenak

Izatez ere, emakume tenistak dira kirolari profesional izan ziren lehen emakumezkoak. Baina tenistek hilean behin partidu bat jokatu eta horren truke dirua ematen zieten. Raketistak dira, berriz, kirola egitearren kontratua izan zuten lehen emakumezkoak. Espainian ziurtatuta dago horrela izan zela, eta  adituen arabera, kontratu batekin munduan izan ziren lehenak ere izan ziren raketistak, baina hori zailagoa da seguru-seguru esatea”.  

Halaxe kontatu du Jon Juanesek, Raketistak Lehen eta Orain Kultura eta Kirol elkarteko kideak. Halaber, hark esplikatutakoaren arabera, izen bera duen dokumentala estreinatu zuten abenduan, “isiltasunean iraun duen” pilotari horien istorioa agerian jarri nahian. 

15 urterekin etxetik joan

Izan ere, gaur egun, emakume raketista profesional izateak aparteko arretarik eman ez lezakeen arren, joan den mende hasieran oso gauza ezohikoa zen, eta gainera, emakume aitzindari haiek Euskal Herrian gaizki ikusiak izan ziren, oro har, garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako. Besteak beste, 15 urte ingururekin etxetik joan behar izaten zuten eta pilotan trebatutakoan dirua etxera bidaltzeko modua egiten zuten gehienek. 

41 udalerritan 

Halako arrakastatsu bilakatu ziren, ezen Euskal Herrian 41 udalerritan izan zirela raketistak, horien artetik 28 gipuzkoarrak. “Ehunka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Eta gu erabat ezjakin izan gara. Raketisten gaia gordea egon da, sekretua bailitzan”, diote Raketistak Lehen eta Orain dokumentalaren aurkezpenean.

 Raketisa haien artean zen Aurea Etxaniz Beitia. Etxanizek 1942ean ekin zion jokoari eta Cusco izeneko empresario batek egin zion lehenengo kontratoa Sabadellen jokatzen hasteko. Zazpi urteko ibilbide profesionala egin zuen Etxanizek, Espainiako hainbat frontoitan jokatuz. Fernando Alberdi Lobak zera adierazi digu: “Sabadell, Logroño, Las Palmas de Gran Canaria eta Santa Cruz de Tenerifeko frontoietan jokatu zuen, eta azken horretan bere gizona izango zena ezagutu ondoren, erretiratu eta Caracasera joan ziren bizi izatera,1948ko urtarrillaren 7an”. 

Aurea Etxaniz atzelariak makinatxo bat partidu jokatu zituen zazpi urteko ibilbide profesionalean, harik eta Las Palmasen azken partidua jokatu zuen arte, 1948ko abuztuaren 18a zen. Ondoren, Caracasen urte hasieran senarrarekin abiatutako bizimoduari eutsi zion eta gaur egun ere hantxe bizi da, alaba batekin.

 

Dokumentala eta partidua 

Bada, Aurea Etxanizen eta bera bezalako kirolari profesionalen historia kontatzen duen dokumentala Soraluzen ikusgai izango da. Maiatzaren 22an, martitzenean, Herriko Antzokian egingo dute emanaldia. Eta gero, zapatuan, maiatzaren 26an, partidu erakustaldia izango da, 19:00etan, kiroldegian. Punta-puntako kirolariak izango dira bertan, mundialak-eta jokatzen dutenak. 8-10 bat pilotari dira, berez, paletarekin jarduten dute, beste batzuk eskuz eta trinketean ere aritzen dira. Jon Juaesek zera azaldu digu: “Erakustaldiak egiten ditugu herriz herri eta garai hartan jokatzen zuten material antzerakoarekin exhibizioak egiten dituzte. Partidua 30 tantotara izaten da. Tanto motzak izaten dira, palakoak baino motzagoak. Askoz ere biziagoa da».

Dokumentalari dagokionez, berriz, orain arte ikusi duten udalerrietan ”harrera ona” izan duela dio dokumentalaren zuzendarietako bat ere baden Juanesek. “Nahiz eta ordu eta erdiko dokumentala izan, arina da, ez da astuna egiten. Desberdina da. Ilustrazioak azaltzen dira, eta umore puntua ere badu”.